Kategoria: Amsterdam (2017)

  • Erraldoia

    Jan Bicker (1595-1653) merkatari, armadore, ontzigile, eta burgumaisuak –edo orduko alkateak– 1610 eta 1615 artean Amsterdameko portua handitzeko lanetan sortutako hiru irletako bat erosi zuen 1631. urtean: Bickerseiland. Bertan eraikiarazi zuen etxebizitza, dorre altu batekin, bere itsasontziak Amsterdamera iristen ikusi nahi zituelako.

    Izan ere Jan, Gerrit aita bezala, ontzi konpainia baten jabe zen eta Levante [Anatolia eta Egipto arteko ekialdeko Mediterraneoko kostaldea] inguruko produktuak salerosten zituen.

    Zehazki noiz jarri zen argi ez badago ere, 1647ko marrazki bati erreparatuz, Bickerren etxearen fatxadan, sarreraren gainekaldean hain zuzen ere, erraldoi (de Reus) baten irudia zegoen*. Honek, ziurrenik, Marte gudaren jainko erromatarra irudikatzen zuen, eta Bickerren aginduetara zegoen ontziolako arotz batek egina egongo zen.

    Erraldoiaren lema «ez dago egin ez dezakegun zereginik; zalantzarik gabe esku artean duguna utziko dugu laguntza behar duen gizasemeari laguntza emateko» ei zen.

    Estatua H.K. Jonker industriagileak 1850ean erosi bazuen ere, Amsterdameko Fock alkateak irudia gogoko zuen eta Jonkerrekin hitz egin zuen zaindu zezan. Hala ere, mende bat geroago, Erraldoia oso hondatuta zegoen eta Jonkerren arotz zen D. Rijnsdorp-ek erreplika bat egin zuen.

    D’Ailly-ren alkatetzapean erraldoia tokiz aldatu zuten 1951ko abuztuaren 2an.

    Irlan 150 urte eman eta gero, Jonkerrek Alicantera alde egin zuenean 1972an, berarekin eraman zuen estatua, oroigarritzat. Van Wulften Jonkerren langile ohiak, ordea, erraldoiaren irudia Amsterdamera itzultzeko eskaria egin zuen 2000. urtean eta bilatzeari ekin zion De Nieuw Amsterdam antzerki konpainiako Gerrit Wijnhoud, Rienk Hoff auzotarra, edota Ad Smit polizia komisarioa lagun zituela.

    Sei urte geroago estatua Jonkerren bilobaren etxean aurkitu zen, Kanadan, eta honek, bizilagunen eskaria betez, erraldoriaren estatua irlari itzuli zion.

    De Key auzo elkarteak bizilagunekin elkarlanean jardun zuen Erraldoia berrizteko lanetan: Egon Schrama bizilagunak oinarria diseinatu zuen eta bertan grabatu zen Jan Witte erraldoiari idatzitako poema, irlako biztanlea bera ere.

    2011ko ekainaren 29an, arratsaldeko lauretan, Eberhard van der Laan alkateak erraldoiaren estatua berriztua azaldu zuen, Touwslagerstraat-en, auzotarren desio zaharra betez.

    Orduz geroztik Jan Bickerren irla ohia zaintzen diardu egurrezko jainkoak.


    * Irudi hau ziurrenik Amsterdameko etxe askotan ikusi daitezken erliebeetako bat izango zen, etxearen jabearen ofizioa isladatzen zuena, eta geroago bilakatuko zen estatua independiente.

    Esan beharrik ez dago ahalik eta fidelen idazten ahalegindu naizen arren, informazioa nederlanderaz baino ez dudala aurkitu eta litekeena dela oso zuzena ez izatea.

    Iturria: 2011ko ekaineko OpNieuw aldizkaria & ik hou van amsterdam bloga.

  • Amsterdam, uztailak 23

    Igandea. Astearen amaiera izateaz gain gure bidaiaren amaiera ere bada. Gauza ugari bagenituen ere ikusteke, ez da guztientzat denbora nahikorik egon.

    Normalean baino apur bat beranduago jaiki gara eta goizeko orduak paseoan eman ditugu, bakoitza bere kasa. Nik Paradiso antzokia bisitatzeko aprobetxatu dut.

    Hotelera berriro, gela utzi eta bazkaltzeko. Arratsaldean, beste paseo bat eman dugu, noski. Oraingoan Prinseninland gunera joan naiz. Gauza bera ez bada ere, Londreseko Rotherhithe inguruaren antza hartu diot.

    Bidetik euriak harrapatu eta blai eginda bukatu dut, kamera non sartu ez nekiela. Zubi baten pean itxaron dut euria geldituko zelakoan baina gutxitu arren ez du guztiz atertu.
    Ingurua larregi arakatzeko paradarik ez eta hotelerako bideari ekin diot beste behin, nekatuta. Ostatuko gela utzi behar izan dugunez, traste guztiak gainean eraman ditugu.

    Bostak aldean aireportura joan gara. Hegaldia gehiago atzeratzen ez bada gaueko hamaiketan iritsiko gara Bilbora.

    Harrigarria egin zaiguna Gara eta Joseba jada etxera iritsi izana izan da. Amsterdam-Paris-Hendaia-Bilbo 12 ordu baino gutxiagotan?

  • Amsterdam, uztailak 22

    Atzoko Josebaren begiko ebakuntzaren ondoren, gaur medikuak deitu du eta kontsultara joan zedin eskatu dio, ea nola zegoen ikusteko.

    Josebak itzalak baino ez ditu ikusten begi horrekin. Gasaren eraginez da hori. Begia gorri dauka eta malkoren bat erortzen zaio noizean behin.

    Juantxu eta biak kontsultara zihoazen bitartean, gainontzekoak Zaanse Schans herri turistikora joan gara. Kakaoa ehotzen duten errotak daude hemen. Usaia oso esanguratsua da.

    Amsterdamera iritsitakoan ogitartekoak erosi eta hotelean jan ditugu. Arratsaldean tren geltokira joan gara. Batzuek kanaletan zehar dabiltzan ontzi horietako bat hartu dute, beste batzuk hotelean geratu dira, eta ni kanaletan gora eta behera ibili naiz.

    Zoritxarrez arratsaldeko eguraldia ez da egokiena izan. Ez du hotzik egin baina bai euria, eta desatsegina da euripean eta blai ibiltzea.

    Afaria jatetxe mexikar batean egin dugu eta zapore aldetik gaizki egon ez bada ere, izugarri tardatu dute janaria ekartzen. Inoiz baino beranduago amaitu dugu. Asteko pisua izugarri nabaritzen da, goizero-goizero 7ak aldean jaiki garelako eta 15 bat kilometro ibiltzen garelako. Ni behintzat lur jota nago.

    Bihar azkenengo eguna da. Joseba eta Gara trenez joango dira Parisera, eta handik beste tren bat hartu Hendaiara. Taxi bat izango dute bertan zain. Bsteok eguna Amsterdamen emango dugu arratsaldeko bost t’erdiak arte. Orduan aireportura joan beharko gara, hegaldia irten baino hiru ordu lehenago, jende pila bat espero baitute eta segurtasun kontrolerako behar den denbora luzeagoa izango delako.

  • Amsterdam, uztailak 21

    Joseba, Gara, Juantxu, eta Yolanda hotelean utzita, gainontzekoak autobus geltokira joan gara. Gidari bati galdetu eta berak esan bezala beheko pisura jaitsi gara autobus-txartelak erostera. Baina txartel horiek ez ziren baliagarriak guk egin nahi genuenerako, eta txartel egokiak erosi ondoren, erreklamatu eta hasieran erositako txartelen dirua berreskuratu dugu.

    Hogeita hamar euro berreskuratu ditugun arren, ordu erdi inguru galdu dugu hori guztia egiten eta beranduago irten gara Amsterdametik. Gaur Volendam eta Marken kostaldeko herri famatuak ikusteko asmoa geneukan. Azken momentuan Edam izeneko herri txikia bisitatzera animatu gara, eta ez gara damutu.

    Agian orduagatik izango zen, baina apenas zegoen jenderik Edam-en. Oso herri txiki eta atsegina da. Lehengo xarma dauka eta ez dago hainbeste turistarik. Horrek ez du esan nahi turistarik ez doanik. Joatekotan, ez erosi gaztarik, Amsterdamen gazta berbera aurkitzeko aukera dagoelako eta prezio erdian gainera.

    Geroago Volendam-era joan gara autobusez. Edam eta Volendam oso gertu daude bata bestetik, ordu erdi oinez gutxi gorabehera baina, Edam ez bezala, Volendam turistaz josita dago, itsasora begira daukan paseoa behintzat. Oker ez banago hemen erosi nituen 2006an tulipan bulboak. Herria ez da itxusia baina tira. Bertan bazkaldu dugu eta ondoren itsasontzia hartu eta Marken-era iritsi gara.

    Marken oso antzekoa da. Kostaldean dago eta dikeengatik izango ez balitz irla bat izango litzateke. Hau ere oso turistikoa da baina pare bat kaletan gora eta behera ibiltzeaz gain, ez dago larregi egiterik. Orduan jakin izan dugu Josebaren ebakuntza ondo atera dela.

    Begian zeukan kaltea espero baino handiagoa zen eta horregatik ebakuntza luzeagoa izan da. Aseguru etxeak bart eta gaur goizean bertan arazorik ez zegoela esan arren, ordainketa egin gabe zegoen. Begia benda batekin estali diote baina bihar goizean kendu ahal izango du. Hori bai, ebakuntza gas bidez egin diotenez, ezin izango du igandean gurekin bidaiatu eta trenen bat hartu beharko du etxera itzultzeko.

    Joseba eta besteak hotelerako bidean zeudenean, geu ere itzulerako autobusa hartu eta Amsterdamera abiatu gara. Dutxa bat hartu eta gero afaltzera irten gara. Kanpoko terrazan hotz egiten zuen eta janaria ez da izan espero bezain ona.

    Eguzkia izan dugu egun osoan zehar, gehiegi nire ustez. Hankak, besoak eta –nola ez– sudurra erre zaizkit.

    Bihar litekeena da errota tipikoak ikustera joatea, Josebaren osasunaren eta eguraldiaren arabera.

  • Amsterdam, uztailak 20

    Atzo aurreratu bezala, medikuak Josebarentzat erietxean txanda hartutakoan deitu digu. Arratsaldeko hiruretan ospitalean egoteko esan digunez, goizean Amsterdameko kale jendetsuenetako batzuetan barrena ibili gara.

    Euria izan dugu lagun ia egun osoan, eta ez da giro egokiena izan, baina horrek ere lagundu du jende kopurua txikitzen. Atzo baino lasaiago ibiltzeko aukera izan daugu.

    Hiru taldetan banatu gara: hoteleko gelan geratu direnak, hots, Joseba; FOAM argazkilaritza museora joan direnak; eta dendaz denda Auzo Gorrira joan garenok, gehiengoa.

    Auzo Gorrian badago aurreko bisitetan ikusi ezin izan dudan ezkutatutako eliza bat. Amsterdam protestantea zenean, gainontzeko erlijioak debekatuta egon ez arren, tenpluak ezin ziren bistan egon. Horregatik han eta hemen eliza txikiak zeuden, begi bistan ez zeudenak baina jendeak ezagutzen zituenak.

    Eliza konkretu hau Alemaniatik zetorren garagardo ekoizle batek eginarazi zuen. Eliza ikusteaz gain, garaiko etxe bat barrutik ikusteko aukera ere ematen du bisitak. Hamar euro balio du sarrerak eta audiogida doakoa da. Beharbada gehien gustatu zaidan museoa izan da. Bitxia benetan.

    Eguerdian hotelera itzuli eta supermerkatuko bokatak jan ditugu. Berehala etorri da taxia eta ospitalera eraman gaitu. Paper kontuekin hasieran arazo batzuk izan ditugun arren, konpondu eta espezialistak Joseba hartu du.

    Begiko arazoa dela-eta, ebakuntza behar duela azaldu diote, lehen baitlehen. Momentu honetan ezkerreko begiaren ikusmena ehuneko 50ekoa da; bihar bertan operatuz gero, ehuneko 80 edota –kasurik onenean– 90a berreskuratuko luke. Bilbora iritsi arte itxaronez gero, litekeena da ehuneko 10a baino ezin ikustea hemendik aurrera.

    Ebakuntza gas bidez izango litzateke eta horrek beste arazo bat sortu du: bi astetan Josebak ezingo luke hegazkinik hartu. Amsterdamen pare bat aste geratzea da aukera bat; bestea, trenez zein autoz itzultzea, 22an bertan berak hala nahi izanez gero.

    Aseguru etxearekin hitz egin ondoren eta denborarik ez galtzea zein garrantzitsua den ikusita, Josebak ebakuntza ostiral goizean egitea onartu du. Bihar aztertu beharko dugu ze aukera duen etxera itzultzeko.

    Bitartean, taldeko kide gehienak itsas-museora joan dira. Niri ere gustatuko litzaidaken ikustea, baina etorkizunean izan beharko da. Kontsultak arratsalde osoa kendu digu eta hotelera itzuli orduko afaltzeko ordua zen.

    Bihar Juantxuk hartuko du itzultzaile papera. Bai bera eta baita Yolanda ere, Gararekin egongo dira Joseba operatzen duten bitartean. Zorionez ebakuntza anestesia lokalarekin egingo diote eta gauerako hotelean egongo da, gau bat ere ez du klinikan emango.

    Egunak gogor samarrak izaten ari dira. Hasieran egunean 15 bat kilometro ibiltzen ginelako handik hona, eta gero Josebaren ikusmenaren kezkarekin. Patuaren seinaleren bat izango ote zen overbooking-a?