Amaitu da amesgaiztoa

2017ko erdialdean praktika batzuk eskatu nituen atzerrian. Aukeratutako tokietan plaza lortu ez arren, egun batean telefono dei bat jaso eta 12 egun geroago Bruselara mugitu nintzen, sei hilabeteko kontratuarekin.

Denboran gelditu den hiri bat dirudi, eta dekadentziak jaten du apurka-apurka. Eruopako hiriburu administratiboa izango ez balitz, ez dakit zer gertatuko litzaioken herri honi. Badu nik jasan ezin dudan ezaugarri bat: trafiko izugarria. Baina egia da ere laneko giroak ez duela batere lagundu Bruselari buruz dudan iritzian.

Orduan imajinatu ere ez nuen egin zein egoeratan lan egin beharko nuen. Ez dut enpresaren izena emango, esaten dena txarra bada ere ez dudalako inolako publizitaterik egin nahi.

Hasierako egunak ez ziren batere errazak izan. Egunak joan egunak etorri lanarekiko ulermena hobetuz joan nintzen, hainbat proiektu interesgarri ezagutu nituen, baina baita arazoak ikusten hasi ere: nagusia sagarra ustel bat zen, izugarri ustela. Hondatutako zatiak kentzen hasi eta zurtoinarekin baino ez zinateke geldituko.

Hamaika arrazoi direla medio, enpresaren egoera ekonomikoa ez da onena eta horrek eragina dauka nagusiaren umorean. Nirekin ere ordaindu izan du eta jakin badakidan arren ez dela pertsonala, beste batzuei ere tokatzen zaiela, ez da kontsolamendua. Ni behintzat ez naiz goizaldeko ordubata arte lanean egon behar izan, edo larunbat eta igandetan lan egin beharrik. Hamabi orduko lanaldiak, horiek bai, lehenengo astetik ikusi ditut.

Praktika horien legezkotasuna zalantzazkoa da, bai eta jarduera profesionala ere. Bekarioon artean enpresaren benetako langileek ezer gutxi egiten duten sentsazioa zabalduta dago, hots guk egiten dugula lan guztia. Plantilako askok mezuak ere ez dituzte erantzuten eta beraiek egiten dituzten lan batzuk kopia hutsa direla diote bezero batzuek. Eta nik ez dut zalantzan jartzen lantoki honetan dena presaka, berandu, eta gaizki egiten dela ikusita.

Bekariook egiten genuena ordea zehatz-mehatz begiratzen zuen nagusiak gure lanari buruz ezer ez zekien arren. Gainera, ni egon naizen denboran, lau fase oso nabarmen eta obsesibo izan du: Mailchimp, Twitter, LinkedIn (2018. urtean deskubritu du!) eta prentsa oharrak. Bakoitza zer den ez daki, edota zerbitzu horien ezaugarri edo mugak ezagutzen, baina berdin zaio.

Guzti-guztia ikuskatu nahi izan du. Twitterren esaterako, bidali nahi izan ditugun txioak ikusi nahi zituen (bidali baino lehen, noski), zentzurik ez duena plataforma azkar batean. Eta txioetan inor aipatu nahi bagenuen, baimena eskatu behar genion horri. Sinesgaitza.

Hiru orrialdeko prentsa oharrak behin eta berriz moldatu nahi zituen, gauza batzuk gehitzeko eta beste batzuk kentzeko. Ad infinitum. Informazioa hainbeste moldatzen zen egiazko ezer gutxi geratzen zela azkeneko publikazioan. Buruzagiak onartu nahi ez arren bere buruaren kultuzkoak ziren guztiak.

Egunak eman izan ditut prentsa ohar edota email bat bidaltzeko baimena lortzeko. Zaila izan bada zuzendariaren gustuko zerbait egitea, are zailagoa hanka sartu gabe enpresaren jarduera eta metodologia grisa azaltzea, esanahi garbirik gabeko hitz rinbonbanteak erabiliz, noski.

Egunero hainbeste ordu lan eginda ez da batere erraza bizitza pertsonala izatea, are gutxiago asteburu edo jaiegunetan bulegotik mezuak eta deiak jasotzen dituzunean, lanerako beti prest egon beharko bagina bezala. Honekin lotuta susmagarria izan da oso opor-egunak lortzeko sistemaren zenbakiak, guztiok egunero bederatzi ordu baino gehiago egiten bagenituen arren, nolabait orduak zor genituela zioelako.

Tartean, zoratzeko moduko nagusiaren milaka telefono-dei zegoen tokian zegoela, uneoro, aspertuko balitz bezala. Baita asmatutako izena zeukaten pertsonen bisita xelebrea ere. Zertakao asmatu izen bat zerbait izkutatzeko ez bada?

Suposatzen dut hau guztia balentziarra dela esanez laburbildu nezakeela, 2016ko azaroaren 23an hildako alkatesa ohiaren izena entzuten duenean santifikatzen den horietakoa. Baina orduan ez zenukete honaino irakurriko.

Azkenengo egunak desberdinak izan dira banekielako alde egingo nuela. Hanburger dendako Rajeshek esan dit erabateko aldaketa nabaritu duela nire energian, baina nik uste dut eguzkiak erretako aurpegiaren beroa zela berak sumatzen zuena. Edonola ere izugarrizko zama alde batera utzi dut.

Sei hilabeteren ondoren eguraldiak nabarmen egin du hoberuntz, bulegoan hasierako kaosak dirau, eta Brusela beti bezain aspergarri ikusten dut. Etxera itzulzeko garaia da, atseden hartu, eta lana zoroen pare bilatzeari ekiteko berriro asteko.


Argitaratua

hemen:

nork:

Etiketak:

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude