Asteazkenean, korrika eta presaka, Surrey Quays [/sarri kis/] inguruan dagoen logelara etorri nintzen, aurreko egunean ikusi nuena. Ez, ez zen perfektua, baina ezin nintzen Franen etxean denbora gehiago geratu.
Guztia estaltzen duen moketa urdin ilun nazkagarria asteartean ikusi nuen; ez ordea moketa, horma eta zapaia ere eztaltzen duen lizun beltza. Komuneko lurraren gainean jarrita dagoen sintasol handiaz asteartean ohartu nintzen; baina asteazkenera arte ez nintzen jabetu kakalekuko argia ez zebilela. Izan ere kakalekua bainontzi eta konketatik bereizita dago, horrela «goizetan ez dago pilaketarik». Hori diote behintzat etxea erakusten dizutenean.
Baina has gaitezen hasieratik, sarreratik. Giltzari kontrako zentzuan eragin behar zaio atea irekitzeko. Premonitorioa? Ziurrenik. Hallak ez dauka bonbillarik. Txapuzaz jositako sukalde zahar bat eskumatara, eta antzinako egongela [egun logela bilakatuta] korridorearen amaieran. Gelara iritsi baino lehen jo ezazu eskumatara dauden eskaileretan gora eta goiko solairuan lau gela, komuna eta kakalekua ikusiko dituzu. Bidean hainbat toalla eskaileretako barandan eskegita, hori baita modu bakarra lehor daitezen.
Eskumatara berriro, eta hirugarren atea nirea da: laugarren gela. Irudian ikusten duzuena da. Ziurrenik baten bat ohartuko zen flexoak ez daukala bonbilarik. Egia da, ez dauka. Eta beste azkarren batek galdetuko du ea zer egiten duen estufa batek berogailuaren parean. Bada, berogailuaren lana egiten du, ez daukagulako berogailurik. «Baina argi asko sartuko da leiho horietatik, ezta?» Bai, primeran egunez denean; arazoa da gauean ere argi gehiegi dagoela, gehiegi begiak biltzeko ere.
Tira, 24 ordutan zehar argitasun itsugarri hori kenduta eta berogailuarena alde batera utzita, ez da arazo askorik egongo. Hori eta dutxako alkatxofarik ez dagoela. Eta ez dezagun ahaztu argindarra guk ordaindu behar dugula.
Gela bakoitzak 10 libera ordaindu behar ditu, baina ez denok batera. Noiz? Diru gutxi dagoenean giltzan. Giltza hori giltza magiko bat da, PAYG [pay as you go edo erabili ahala ordaindu, prepago sistema bat]. Diru gutxi dagoela? Atera giltza sartuta dagoen makinatik, kiosko batera eraman eta bertan kargatu. Etxera itzuli eta makinan sartu berriro. Baina badakizu zer gertatzen den betebehar komunekin, ez ala?
Larunbat goizean jaiki eta ez zegoen argindarrik: ez dutxarik, ez baso esne berorik, ez mugikorra kargatzerik, ez ezer. Eta bi liberako zorra. Dakizuenez, niretzat goizeko dutxa beroa jende normalaren goizeko kafesnea da. Umore txarrez alde egin nuen arratsaldera arte. Norbaitek «estuasuneko» botoia sakatu zuen eta horrekin ibili ginen hurrengo egunean ez-dakit-nork ordaindu zuen arte. Estuasuneko botoi horrek sei libera aurreratzen ditu. Suposatzen dut argindarra gauen bukatzen denerako pentsatuta dagoela, kioskoak itxita daudenerako.
Nortzuk dira giltza kargatzen ez duten memelo horiek? Batek daki. Beheko solairuan, egongela konpartitzen, Madrildar eta Bilbotar bana daude. Goiko solairuko gelak indibidualak dira: bi frantses, euskaldun bat [ni] eta pisukideek diote espainiar bat ere badagoela, baina ez du inork ikusi.
Bestela, betikoa: urteetan zaindu gabeko etxe zahar eta zikin bat da, higuingarria da ikusi, usaindu eta ikutu daiteken guztia, bereziki dutxako gortina. Konketak ez du ondo irensten. Sukaltarrian platerak pilatzen dira. Agentzian zera esan zidaten: «hilabetean behin norbait etorriko da etxea garbitzera». Etxea? Hozkailuan pegatuta dagoen orrialde honek dioenez, garbitzailea datorrenean gela bakar bat garbitzen du! Gela bat (eta sei daude) edo moketa, edo espazio komuna. Nire gela abenduaren 12an gabitu zen azkenekoz, hain zuzen ere. Baina metroa hiru minututara daukat; hori da behin eta berriz errepikatzen dudana nire buruan ohean etzanda nagoela lizun beltzak estaltzen nauela sentitzen hasten naizenean.
Utzi erantzuna