Zermatt: lehenengo eguna

Larunbata luzea izan zen. Hegazkinean ibiltzearen urduritasunari beroaren itsaskortasuna gehitu behar izan genion. Gainera hegaldia ordu erdi inguru atzeratu zen, aire-eremua gainezka zegoelako. Eta gutxi balitz, hegazkina ume negartiz beteta.

Azkenean Genevera iritsi ginen. HB-JYI hegazkinak eraman gintuen. Maleten zain geundela, informazio gunera urbildu eta beste bi euskaldunekin topo egin genuen, beraiek ere Zermattera etortzeko asmoa zuten, Monte Rossa igotzera zihoazen. Haiek ez zuten Swiss Transfer Ticket tren billeterik baina gu gindoazen trenean sartzea lortu zuten.

Trena nahiko erosoa zen, geltoki batzuetan jnde asko gora eta behera ibili arren. Visp izeneko herrian gelditu ginen, supermerkatuan pare bat gauza erosi eta Zermattera ekarriko gintuen bigarren trena iritsi zen. Ordubete inguru behar izan zuen eta, hegazkinaren atzerapenarekin, bederatziak aldean geunden Zermatten. Hotel bila.

Kale nagusian dago baina ez dago agerian. Kalezulo bateko eskailera ilunak igo behar dira, eta ez dago harrera-mostradorerik. Jatetxean galdetu behar izan genuen. Dirudienez, gelen giltzak sarreran daude, eta gelaren zenbakia erreserbaren izenaren ondoan, sarreran baita ere, edonoren bistan. Mostradorearen ordez telefono ziztrin bat, arazorik izanez gero bertatik deitzeko. Ez dago igogailurik eta gure logelak hirugarren eta laugarren solairuan daude.

Logelak ilunak dira. Batetik oso argi gutxi dagoelako, eta bestetik kolore-paleta iluna delako ere: moketa, hormetako egurra, komuneko lur marroia, eta baita komuneko linoleozko baldosa faltsu marroiak ere. Komuna txikia da. Abantailak ere baditu. Adibidez, ez duzu kaka egiten bukatu behar eskuak garbitzeko: hain gertu dago guztia biak aldi berean egin ditzakezula.

Jatetxe guztiak itxi baino lehen tokiren bat aurkitu behar genuen. Tren geltoki ondoko italiarrean afaldu genuen. Eta ohera.

Gaur zortzietan jaiki, gosaldu, turismo bulegora joan, eta trenak Gruntengaterrera eraman gaitu. Bertatik Matterhorn mendi izugarria ikusten da eta jende gehiena argazki bakarra egitera igotzen da; gero bueltako trena hartuko du.

Gu apur bat ibiltzen hasi gara, baina bidea oso harritsua zen, eta ze astiro gindoazen ikusita, buelta eman dugu orduerdi generamanean. Bigarren planari ekin diogu orduan: Zermattra oinez itzuliko ginen. Laku oso turistiko batean geldialdia egin dugu bazkaltzeko (argazkia) eta jaisten jarraitu dugu.

Bidearen lehenengo zatia ez da oso polita izan, bigarrena bai ordea. Basoan sartu eta zuhaitz artean joan gara. Luzea ere egin zaigu: 3.5h eta 1,200m-ko desnibela, gutxi gorabehera. Tenperatura ere ez da hotza izan eta lehengusuarena egin dugu neguko arropa eramanda. Manga motzarekin nahiko.

Nire orkatilek lor jota bukatu dute eta ez dakit behar ezer gutxi egiteko gai izango naizen.

Dutxatu eta gero supermerkatura abiatu gara ura erosteko asmoz eta ondoren Alex hoteleko jatetxean tokia aurkitu dugu afaltzeko. Gozo afaldu dugu. Izozkia hartu eliza inguruan, eta lotara.


Argitaratua

hemen:

,

nork:

Etiketak:

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude