2024ko ekainaren 11

Arratsaldean iritsi ginen Ingalaterra hegoaldeko hirira. Aireportua txikia da, eta kanpoaldean Bristolgo Temple Meads tren-geltokira doan autobusa hartu daiteke. Gure hotela ez zegoen tren geltokitik oso urruti, eta bien artean supermerkatu txiki bat zegoen izugarri eskertzen genuena.
Hasieran arazoren bat izan genuen erreserbarekin, ez baizen agertzen hoteleko erreserba-sisteman. Baina arazoa konpondu eta gero, trasteak logelan utzi eta turismo bulegoaren bila abiatu ginen.
Tren-geltokiaren eta hotelaren artean ez zegoen trafikorik, baina erdigunera joateko errepide nagusi bat igaro behar genuen.
Bagenekien gutxi gorabehera turismo bulegoa non egon beharko litzatekeen, baina ez zegoen topatzeko modurik; antza denez, Bristolek ez du turismo bulegorik. Unibertsitateari esker ikasle ugari dituen hiria da, baina atzerriko turismoak ez du garrantzi handirik.
Saltokigune dekadente batean gora eta behera ibili ginen, gero dendez jositako kaleetan, baina ia guztia itxita zegoen. Uste dut inpresio honek nire bidaia-lagunen iritzian hasiera-hasieratik izan zuela eragina — ez zuten hiria gogoko.


Kai aldera jo genuen, eta afaltzeko italiar jatetxe bat aukeratu genuen, zerbitzariak behin eta berriro ea guztia ondo dagoen galdetzen duen horietakoa. Gau hartan Hizkuntza Eskolako emaitzak argitaratu ziren, eta batzuen gaua besteena baino gozoagoa izan zen.
Utzi erantzuna