Amsterdam: igandea

Astearteko lan-elkarrizketa aitzaki, Amsterdamera etorri naiz.
Hegaldia ez da ziteken bezain txarra izan, noizbehinka zetorren kiratsa eta pitido agudo bat kenduta.

Kostata aurkitu dut hotela. Ate txiki bat baino ez dauka, eta sartzeko txirrina jo behar da. Ahots batek eskailerak igo behar direla esaten dizu, eta hor zoaz gora. 40 mailak igota, itxaron-gela txiki eta arraro bat dago. Freskagarri bat eskaini eta informazio ugari ematen dizu harreragileak, tartean gela uzten duzun bakoitzean giltza utzi behar duzula. Hiriko mapa bat ere ematen dizu.

Esan beharrik ez dago izerditan blai iritsi naizela, jaka eta guzti. Izerdi tantak paperezko mukizapiekin lehortu behar izan ditut aireportutik ostatura bidean (ez nuen gogoratzen transbordo egin behar zenik). Ezin itxaron dutxa hartzeko.

Gela non eta laugarren solairuan, eskailera gehiago. Teilatutik ezin gertuago. Logela benetan txikia da: armairuari atea kendu diote, ezin baita ireki bestela. Mahai luze bat dauka, apal baten zabalera izango duena. Eta sinestezina badirudi ere, ahulki bat sartzea lortu dute. Mahaiaren eta ohearen gainekaldean apal gehiago daude: espazio bertikala baino ezin da aprobetxatu gela nimiño horretan.

Komuna… gogoratzen aurreko urtean Zermatteko komunari buruz esandakoa? Bada, bainontzi hartan hemengo komun osoa sartuko litzateke. Txiza egiteko tira…, baina libratzeko ezin komuneko atea itxi, belaunetan emango zizukelako. Ingelesez wetroom deitzen den horietakoa da: ez dago dutxa platerik, komun osoa da platera.

Hori bai, telebista, kutxa-gogorra, eta hozkailu txiki bat badaude gelan, baita haize gailu bat ere egun osoa piztuta ematen duena.

Laugarren pisua izanda, berdin dio leihoak patio batera ematea, eguzkiak bete-betean ematen dio gelari.

Apur bat deskantsatu ondoren paseo bat ematea erabaki dut, supermerkatu bat aurkitzeko aitzakiarekin. Ahaztu zait, ordea, hemengo supermerkatuetara bakoitzak bere poltsa eraman behar duela.

Ura eta galletak erosita, hoteleko labera itzuli naiz. Bidetik ikusi ditudan taberna guztiak jendez lepo zeuden.

Afaltzeko pizzategi bat aukeratuta neukan. Ospea dauka eta egurrezko labe batean prestatzen dituzte pizzak baina arraro samarra da. Barruan mahai bat baino ez dago, eta kanpoko mahaiak beteta daude.

Barruan eseri nahi izanez gero, mahaia konpartitzen da. Eta ez dago kartarik: zerrenda bat hamaika pizzarekin eta bakoitzean osagaiak.

Ez jantokirik, ez postrerik, ez komunik, ez ezer. Ura? 25cl-ko botilatxo bat. Kolonia muestra handiagoak ere ikusi izan ditut.

Euli astuna plateretik uxatzeaz nekatu naizenean bukatutzat eman dut afaria. Ur gehiago erosi eta gelara, ea lo apurren bat egin dezakedan.


Argitaratua

hemen:

nork:

Etiketak:

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude