Bakardadearen haizeak astinduta

Neist Pointeko itsasargia

 Ez da erraza honaino iristea baina merezi izan du. Autoa alokatu genuenetik 250 milla baino gehiago gidatu behar izan ditugu bihurgunez betetako errepide estu horietatik baina azkenean iristea lortu dugu. Hemen porlana bukatu da eta autoa uztea baino ezin dugu egin, amaierara iritsi nahi badugu.

Autotik irteteak beldurra ematen du; haize bortitzak ez du pausurik ematen uzten. Moztu gabeko belar heze eta basatia bortizki astintzen du haizeak. Hemen ardiek ere ezin dute biziraun. Zailtasunez manten daiteke gizakia zutik inguru honetan, lurreko bidea markatzen duen baranda zeregin horretan lagungarria izan arren. Bideak behera eta gora egiten du itsasoaren olatuek harkaitzen kontra jotzen duten bitartean.

Hodei grisek eguzkia berehala ezkutatzen dute eta lurmuturrera iristea zaila da euri zaparrada bat baino gehiago sufritu baino lehen. Txanoak ez du ezertarako balio kasu hauetan, haizeak behin eta berriz kontzen baitizu. Eta han, azkenengo aldapa igo ondoren, han ikusten da Eskoziako farorik aldenduena.

Egurrezko ateko maratila bustiak sortutako hotsa estaltzen dute kaioen zalapartak, baina Scottek primeran bereizten ditu bi soinu horiek. Kanpoko mundutik ia erabat isolatuta bizi izan da Milovaigeko gizona, Eskoziako faro guztiak bezala, gotorleku zuri eta horian. Pozez zoratzen dago eta ezkutatzen saiatzen den arren, itsasoaren koloreko begiek salatzen dute.

Dorrera atxikitako etxetxoak oso txikia dirudi baina farozainak nahikoa dauka. Ezer gutxirekin bizitzen ikasi du. Espazio txikiak are txikiagoa dirudi liburuz gainezka egoteagatik. Scott Portree hiriburura joaten da hilabetean behin, eta bertan ahal dituen liburu guztiak erosten ditu. Bata bestearen gainean daude pilatuta.

17 urte zituenetik bizi da Neist Pointen eta 40 urte baino gehiago igaro diren arren, oraindik forman mantentzen da, itsasargiko dorreko 42 mailak hainbat aldiz igoz eta jeitsiz egunero. Lurrundutako leihoetatik begiratzen du maiz itsasoa bukatzen den tokiruntz, han, itsasoaz beste aldean, Long Islandeko itsasargiko zaindariaren begiradarekin elkartzea espero balu bezala. Itsasoa behar duela onartzen du, eta hiltzerakoan uretara bota dezaten nahi du, itsasoko olatuen mugimenduak kulunka dezan betiko lo hartzeraino.

Izatez, telebista ere ez dauka, seinalerik iristen ez delako; internet are gutxiago. Egongelako mahaiaren erdian –hala deitu ahal bada– irrati bat besterik ez, Chromartyko farozainarekin hitz egiteko erabiltzen duena. Bera da, ziurrenik, hoberen ezagutzen duen pertsona. Elkarrekin orduak ematen dituzte, ez baitago beste zereginik.

Iluntzen ari da dagoeneko, arratsaldeko lauak izan arren. Ahalegin handia da itsasargitik ateratzea, kanpoan beti ari baitu euria. Eguzki izpiren bat noizbait ikusten bada ere, farozainaren ile gorria da distira egiten duen gauza bakarra lanpara zikinen argipean.

Bagoaz autoruntz, aldapetan gora eta behera eginez, barandillari helduz ez labantzeko. Euria dator berriro. Kotxean sartzear gaudela azken begirada bat eskaintzen diogu faroari, orain argituta, keinuka agur esango baligu bezala. Ateak irekitzea ezinezkoa da haizeari baimena eskatu gabe. Zail egiten da faroak toki horretan hainbeste denbora iraun duela pentsatzeak, itsasoaren bortizkeria eta haizearen oldarkortasunari aurre eginez.


Argitaratua

hemen:

nork:

Etiketak:

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude