Zermatt: seigarren eguna


Eguraldia aldatzen ari da. Goizean euria izan dugu, euritakoak ere erosi behar izan ditugu. Mendira joan ezinik, herrian gelditu gara. Lehenik eta behin nahi beste tren eta telekabina hartzeko pasea itzuli dugu eta ondoren Ingelesen eliza ikustera joan gara, hamaikak arte. Goizeko gainontzeko orduak  Matterhorn museoa ikusten eman dugu. Oso interesgarria izan da eta gutxienez pare bat ordu egon gara bertan, bazkal ordurarte.

Museoak Matterhornen tontorra zapaldu zuen lehenengo espedizioaren berri ematen du. Whymper eta beste seiek zazpi saiakera behar izan zituzten mendiaren punturik garaiena zapaltzeko. Jaitsieran, ordea, kideetako batek irrist egin eta hamildu egin zen bera eta beste hiru, alkarekkin mantentzen zituen soka fina apurtu zelako. Whymper eta bi gidari baino ez ziren bizirik atera. 1965eko uztailaren 14ean gertatu zen hori oker ez banago.

Abenturan parte hartu zuten kideen izenak kale nagusian daude.

Horrez gain Zermatt eta inguruetako herrixketako bizilagunen bizimodua azaltzen da museoan, eta Alpeetan turismoak izan duen eragina.

img_0282.jpgBokata hoteleko pasabidean dagoen mahai batean jan dugu, esku eta besoak aldian aldiro mugitu bitartean argia itzali ez zedin. Eguzkia irten da eta arratsaldean Rondara joateko erabakia hartu dugu. Ronda Zermatt baino lehenago dagoen herri bat da.

Hasieran bideak gora eta behera egin du, baina Taschera (beste herri bat, Zermatt eta Ronda artean dagoena) iritsitakoan, bidea zabaldu eta lautu da. Ibaiaren ondoan dago paseoa, zuhaitz artean, eta primerakoa da oinez zein bizikletaz ibiltzeko. Taschera iritsi garenean, ordea, euri gizi batzuk somatu ditugu. Ez diegu garrantzi handirik eman eta ibiltzen jarraitu dugu.

Euria gogoz egiten hasi da berriro ere, goizean bezala, eta amaierara noiz iritsiko ote ginen galdetzen hasi gara gure buruari. Hiru ordu inguru behar izan dugu eta espero baino nekatuago iritsi gara. Nekea pilatzen ari zaigula dirudi.

Rondan trena hartu eta Zermattera bueltatu gara. Dutxa baten ostean afaltzera joan gara interneteko toki ezagun baten gomendioa jarraituz. Niri ez zait hain ona iruditu, baina tira. Afal ondoren ez da paseorik egon, tenperaturak behera egin duelako.

Biharko eguraldia begiratu dugu eta eguzkia egingo duela dirudi. Gaurko ere eguzkia iragartzen zuen baina eta batek daki zer egingo duen.

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.