Zermatt: hirugarren eguna


Gaurko eguna atzokoa bezalaxe hasi da. Zermattetik bertatik irteten den telekabina hartu eta Schwarzsee-ra joan gara, baina gaurkoan telekabinan eserita jarraitu dugu apur bat luzaroago. Batek daki zein “geltokitan” jaitsi, eta funikularrera sartu gara. Bidaia honetako punturik altuenera eraman gaitu honek, Matterhorn glaciar paradise-ra. 3,883 metro zehatz mehatz.

Harkaitzean egindako galeria batzuek osatzen dute glaciar paradise delakoa. Galeria horretan lehena areto txiki bat da. Suitzako alpeei buruzko bideo didaktikoak emititzen dituzte. Eserlekuek arrautza itxura dute eta ipurdian berogailua dute. Galerian aurrera eginda igogailu bat dago, goiko solairura igotzeko balio duena. Bertatik ikusten dena izugarria da eta benetan gomendagarria eguzkia dagoen egunetan, baina jendez gainezka dago.

Ia amaieran beste igogailu bat dago, baina honek beheruntz eramango zaitu. Izotzean egindako tunel sare bat ikus daiteke eta tuneletan izotzez egindako eskulturak. Chamonixen egon ginenean antzeko zerbait ikusi genuen, beraz ez gara larregi harritu.

Galeriaren amaieran jatetxea eta eski pistak. Eta beherako bideari ekin diogu, teleferikoan.

Schwarzseen gelditu eta bertako aterpetxean bazkaldu dugu.Patata zopa saltxitxa zatiekin espero baino gozoagoa izan da. Bazkal ondoren erabaki dugu lehenengo eguneko tokira itzultzea –Gornegrat-era– laban bat erosi eta izena grabatzeko asmoz. Azkar jaitsi gara Zermattera eta trena hartu, baina iritsi garenerako itxita zgoen, arratsaldeko lauetan ixten omen zuten. Esku hutsik egin dugu 35 minutuko beherako bidaia.

img_0268.jpgArratsalde-gauean afaltzeko toki baten bila ibili gara eta izugarri itxaron behar izan dugun arren eskatutakoa dastatzeko, ez da batere gaizki egon. Paseo txiki bat errekaren inguruan eta hotelera, lo egitera.

Ibili gutxi ibili gara, baina nekea nabaritzn dut eta hanketan ditudan 27 eltxo-ziztadak berpizten ari zaizkidanez, egunak luze samarrak iruditzen ari zaizkit.

Bihar: bost lakuen bira

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.