Zermatt: Geneva

img_0297Astearte gogorra benetan. Aurreko gauen maleta prestatzen orduek ihes egin didate eta nahi baino beranduago oheratu naiz. Nahi baino goizago jaiki ere. Ziztu bizian gosaldu eta bederatzietako trena hartu dugu. Trenak nahiko erosoak dira eta komun eta guzti daukate, baina 3,5 orduko bidaiak beti dira desoroso. Vispen txiza azkar egiteko geldialditxo baten ondoren, Genevarako trena hartu dugu. Lainoek ez digute Matterhorn menditzarrari agurrik egiten utzi.

Maletak tren geltokian utzi ditugu eta hiria ikustera joan gara. Bost ordu izan ditugu horretarako baina ez ditugu hainbeste behar izan. Beroa izugarria izan da, 34°C markatzen zuten termometroek baina galipotezko eta porlanezko oihanetan sentsazioa beti da handiagoa. Horixe da harritu nauen gauzetako bat: zuhaitz eta berdegune falta, ziur asko Zermattetik etorri izanak areagotu duena.

Guk ikusi dugun Geneva autoz josita zegoen, zuhaitzik eta itzalik ez, zarata eta zalaparta nonahi. Gehien gustatu zaidana alde zaharra izan da. Bertatik ez oso urrun bazkaldu dugu, Starbucks nazkagarri batean, goseak eta egarriak jota. Azkenean, bero jasangaitzak behartuta, maletak jaso eta aireportura joan gara, freskoago egongo ginelakoan.

Beti bezala, fakturazioa eta segurtasun kontrola amaigabea iruditu zait. Eta berehala hegazkinean geunden Bilborako bidean. Luxuzko erlojurik ikusteko paradarik ere ez dugu izan. Lastima…!

3,5 ordu trenean, 1,5 hegazkinean, eta beste hainbeste autoan eman ondoren, Gasteizera iritsi gara gaueko hamaikak aldean. Matterhornera igo bagina ere ez ginateke hain nekatuta egongo. Dutxa eta ohera.

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.