Zailtasunak zailtasun

IMG_20140209_170905Hainbeste gauza esan nitzake hemengo bizitzaz baina hain zaila da horiek azaltzea…! Hori da hitz egokiena: zaila. Zaila da ulertzea autoak eskumako errailetik datozela eta ezkerrekorik doazela; gauza bera igeritokian. Baina eskailera mekanikoetan, eskumako aldea da alde motela eta ezkerretik aurreratzen da. Eta espaloian ez dago asmatzerik, baina eskumako aldea joatekoa dirudi, eta ezkerrekoa, etortzekoa. Espero ez nuena: autoek zebra-bideak nahiko errespetatzen dituztela esango nuke.

Hori da, behintzat, egunero ikusten dudana eskolara bidean. Hau da ingelesa ikasten emango dudan azken astea. Thais eta Adrian joan ziren; baita nirekin batera hasi zen Alexia ere. Gerardek ere alde egin du, zorionez. Alex mexikarra aurreko astean gehitu zitzaigun eta gaurkoan Renata brasildarra izan da. Joaorekin batera, aste honetan lau izango garela dirudi.

Eskolarekin batera ostatua ere bukatuko zait eta zaila egiten zait gela bat aurkitzea datorren aste edo hilabetetarako. Iragarki asko ikusi ditut eta beste hainbeste mezu bidali dizkiet, baina erantzunik ez. Ez dakit egoitza batera joan beharko nintzateken edo etxe honetan pare bat aste gehiago eman.

Ostegunean etxeko jabeak, afal ondoren, zigarro bat bildu eta sukaldean erretzeari ekin zion. «Ez zaizue axola, ezta?» [galdetu baino] esan zuen. Eta ikaskide frantsesak –erretzailea baita ere– gauza bera egin zuen. Erreserba egiterakoan argi esaten zuen berak ez zuela erretzen eta ikasleek balkoian erre zezaketela, ez etxe barruan.

Larunbatean behar baino gehiago edan eta giltzak morrolloan [sarrailan] ezin sartu ibili zen andrea. Gero, ohetik altxatu eta komunera abiatu zen, botaka egitera-edo. Azkenik berriro jaiki zen eta erorikoa hartu zuen. Komuneko bidea oztopatzen ez zidala egiaztatu nuenean, argia itzali eta lotara joan nintzen.

Aurreko aste honetan bankuz banku ibili naiz, kontu bat irekitzeko ahaleginetan. RBS, Barclays, PostOffice… baina ezin. Eskolako bi ikaskidek lortu zuten, inolako paperik erakutsi gabe, baina niri trabak baino ez dizkidate jarri. Egunero joan naiz sukurtsal desberdin batera, egunero azalpen desberdin bat eman dut, baina konbinaketak bukatu zaizkit, eta banketxeak ere bai. Banekien zaila izango zela. Beranduagorako utzi beharko dut.

Telefonoarekin ere gorabeherak izan ditut, baita bertoko zenbakietara deitu ezin nuela pentsatu ere. Baina orduan Shaunek azaldu dit posta bulegoan eman didaten zenbakia garesti horietakoa dela eta ez dagoela nire 300 minutuko bonoan barne. Bera ere izan da hilabetea bukatutakoan sim txarteltxoa nola birkargatu esan didana. Kontraturik gabe. Izan ere hori zen kontu korronte bat lortzearen abantaila nagusienetarikoa: telefonorako kontratu bat lortzea. Gainera atzo, Portobello kalean zehar nenbilela lurrean sim txartel hauetako bat aurkitu nuen. Suitzako armadaren labana zoragarriaren artaziekin moztu eta iPadean sartu nuen. Internet debalde. Ea noiz arte dabilen. Eta aurreztutako diruarekin txokolate tableta bat erosi [eta jan] dut.

Fruitu lehor, oilasko eta zainzuri saltxitxakJanariari dagokionez, atun eta gazta bokata EATetik desagertu dela dirudi; gaurkoan gazta, tomate eta pestokoak ordezkatu du behintzat. Ez zegoen hain gozoa. Baina hobetzen ari naizela entzuteak poztuko zaituzte ziurrenik: gauza berriak jaten ari naiz, eta gutxiago protestatu eta gehiago irensten ere. Letxuga, brokoli (mayonesarik gabe), tomate pila bat… fruitu lehor, oilasko eta zainzuri saltxitxak ere bai [irudian, klik handitzeko].

Sukaldea ikusterakoan, ordea, gose izatea zaila baino ezinezkoa dela esango nuke. Txakurrentzako 20 kiloko janari zaku horiek ezagutzen dituzue? Bada, etxean horrelako bat dugu, arroz zaku izugarri bat. Batek daki noiztik irekita. Garbigailurako xaboiaren ondoan. Esnea ere nik bota behar izan nuen, epez kanpo 10 egun zeramatzala ikusi nuenean. Eta esnea edaten dudan katiluak… nola esan… ez dut zikinkeria hitza erabili nahi, ezta zarakarra [kostra] ere. Baina ulertzen duzue, ezta?

Sentitzen dut hain sarrera luzea idatzi izana, baina eguneroko kontuak txikiegiak dira bakoitzari sarrera bat eskaintzeko, eta idazten hasten naizenean zail egiten zait idazten uztea. Hala ere, zailtasunak zailtasun, patuak, zoriak, unibertsoko indarrek, antzinako estralurtarrek edo delakoak direla, hobeto egin beharko dute hemendik joan nadin lortzeko.

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.