Walter ezagutzen al duzue?

Twitterren aurreratu nizuen bezala, Olentzerok Baofeng UV-5RE+ irrati bat ekarri zidan. Walkie-talkie itxura duen arren, irrati-amateurren frekuentziak entzun eta bertan parte hartzea ahalbidetzen du.

Hitz egiteko, baina, lizentzia bat behar da eta, nik ez daukadanez, entzun baino ezin dut egin, PTT [Push To Talk edo Sakatu Hitz Egiteko] botoia zapaldu gabe. 145.500 frekuentzia sintonizatu nuen bart –Gasteizen nago– eta lau gizon inguru zebiltzan hizketan:

«Walter ezagutzen al duzue, Argentinako morroi hura? –galdetu zuen horietako batek–. Bada, dirudienez, hona etorri eta ezkondutako emakume bat ezagutu zuen. Emakumea banandu eta senar ohiak eta Walterrek liskarren bat izan zuten, tiroak ere egon ziren [literalki ari zen? batek daki]. Bo, kontua da senar ohiak kristalezko begi bat zeukala.

Gardelegi inguruan badago ur-tanke bat, bertako etxebizitzak hornitzeko-edo. Kristalezko begia zeukan gizona bertan bainatzen omen zen eta begia bertara erori zitzaion halako batean. Bospasei metro inguruko sakonera zuen deposituak eta gizona ezin zen begiaraino iritsi.

Hiru lagunekin Zaldiaranetik nindoan bizikletan eta hantxe ikusi genuen gizona, begia berreskuratzen lagunduko ote genuen galdegin zigun. Hondora iristeko gai ginen baina ez genuen begia ikutu nahi. Azkenean gutako batek hartu eta gizonari eman genion. Ikusi izan bazenute gizona begi-zulotik ura ateratzen kristalezkoa sartzeko…! Kar kar».

Gabon esan eta laurak lotara joan ziren.

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.