Urte berri, diseinu berri

Azkenengo urtean ingelesezko webgunea bisitatu didazuen horiek antzekotasun batzuk ikusi ahal izango dituzue, baina azalekoak baino ez dira izango.

Bai, lehen bezala orrialde bakarreko webgunea da. Eta bai, arlo bakoitzak leihoaren zabalera eta altuera osoa hartzen du. Bai, hasierako pantailla dago, nor naizen, trebetasunak, portfolioa, eta harremanetarako arloa. Ordena ere bera da. Bloga baino ez dut kendu.

Hala ere, eta aurreko diseinuarekin dituen antzekotasunak antzekotasun, zerotik idatzia izan da oraingoa, zera kontutan hartuz: webgunearen itxura primerakoa izan behar dela mahai gaineko ordenagailuetan zein mugikorretan.

Horregatik behin itxura gutxi gorabehera zehaztuta neukanean, mugikorrerako aplikazio bat irudikatzen saiatu nintzen, diseinatu, eta webgunearen kodea berridatzi nuen balizko aplikazio horren itxura eta portaeraren plantak egin zitzan.

Adibidez, goiburu bakoitzaren eskumaldean sakatuz gero, ondorengo atalera eramango zaituzte, eta ezkerraldean eman izan bazeniote, aurrekora.

Oraingoak ez du Javascriptik erabiltzen eta bizkorrago kargatu beharko litzateke webgunea. Nire kalkuluen arabera lehengo bisitariek 1,38 segundu itxaron behar zuten webgunearen 8,78 MB deskargatu zitezen. Baina egungo bertsioak 536 milisegundu baino ez ditu behar 892,7 KB kargatzeko.

Diseinu eta portaera hobetzeko ikusten ez diren hobekuntzez eta optimizazioaz gain, edukia ere gaurkotu dut, hori baita garrantzitsuena, ezta?. Orain trebetasunek zer egiteko gai naizen zehazten dute, eta ez zein programarekin jardun dezakedan.

Ikonoak ere berriztu ditut: guztiek dute marra-zabalera bera itxura sendoagoa izan dezan webguneak oraingoan.

Pozik nago lortutakoarekin edo, agian, harro hitz egokiagoa da. Hobeto isladatzen nauela deritzot, nahi dudana biltzen du, eta aurreko urtean nerabilen plantilla baino askoz ere arin eta azkarragoa da. Ez dago batere gaizki Html5 & Css3 bere kabuz ikasi eta webgunea zerotik idatzi duen batentzat. Zuek zeuok ikusi eta erabaki: xabirequejo.com

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.