pump.io: statusnet berria

pump.io-ren webgunea

Twitter 2006an jaio zen. Trakets samarra, itxusia eta sarri kolapsatzen zen, baina ez zegoen antzeko tresnarik momentu hartan. Erabiltzaileen kopuruak gora egiten zuen heinean, ingeniariek ahalmen handiagoko zerbitzariak instalatzen zituzten. Baina zerbitzari horiek garestiak ziren eta Twitterren iraunkortasun ekonomikoa kolokan jar zezaketen. Eta halako batean honetaz konturatu ginen: Twitter enpresa komertzial bat zela, dirua irabaztea zuela helburu.

Beraz, Facebooken antzera, beste enpresa batzuen iragarkiak onartzen hasi zen, eta orduan erabiltzaileok arriskuan geundela ikusi genuen. Jada merkantzia bilakatuta, ez genuen inolako garrantzirik. Egun, badaude Twiterren antzekoa ahalbidetzen duten plataformak: adibide bat App.net da; iragarkiak ez izatearen ordez, erabiltzeko ordaindu beharko dugu. Beste bat Heello da. Baina honen etorkizuna zalantzan jar dezadan utz diezadazue; jaioberria da.

gonbidapenaSoftware askatzaileek ere euren proposamena egin zuten 2008an. StatusNet plataforma Twitterrek egiten zituen gauza guztiak eta are gehiago egiteko gai zen. Eta frogatzeko, sare sozial bat atera zuen StatusNet-ek, identi.ca izenekoa. Mezu labur publiko zein pribatuak bidal daitezke, argazkiak, estekak, galderak, inkestak eta jarduerak programatu.

inkestaJario moten aniztasunaz gain, taldeak daude gai konkretuei buruz jarduteko. Twitterren ez bezala, erabiltzaileez gain, StatusNet-en taldeak ere jarraitzea dago, eta –automatikoki– taldea osatzen duten erabiltzaile guztiak. Geure jarioak, gainera, publikoak edo talde bati zuzenduak izan daitezke.

Identi.ca, adibide baino izan nahi ez zuen webgunea, hazi eta hazi egin da, eta hasierako proiektuaren helburuak alde batera utzi behar izan dituzte Identi.ca zaintzearren. Izan ere, StatusNet-ek xede garrantzitsu bat zuen: deszentralizazioa.

Norberak bere zerbitzarian instala zezakeen. Okerren bat gertatuko balitz, edo internet hornitzaile edo Gobernu batek zentsuratu nahi izango balu, erabiltzaile apur batzuk baino ez lirateke geratuko zerbitzurik gabe; gainontzeko instantzia guztiek funtzionatzen jarraituko luketelako. Twitter, App.net eta bestelako zerbitzu zentralizatuek ez bezala.

Zoritxarrez, erabiltzaileok Identi.ca-rekin konformatu ginenez, gutxik instalatu zuten StatusNet euren zerbitzari propioetan. Horrekin bukatzeko, StatusNet-en buruzagiak teknologia berria sortu du, pump.io izenekoa. Eta hasiera-hasieratik 10 zerbitzaritan dabil, izena ematen dugunean ezin jakinik ze zerbitzari egokitu zaigun.

StatusNet-ek ez du kide berririk onartzen jada; ezta Identi.ca-k ere. Horrez gain, Identi.ca-k StatusNet plataforma erabiltzeari utzi eta pump.io erabiltzen hasiko da aurten. Plataforma desberdina denez, aldaketak egongo dira.

Gai hauetan jakintza maila txikia dugunok zerbait faltan botako dugu, baina: ez da jario orokorrik egongo: zerbitzua deszentralizatuta egongo denez, ez da timelineik egongo. Erabiltzaile bakoitzak berea jarioa izango du. Baina deszentralizatua izateak ez du esan nahi isolatuta egongo denik instantzia edo zerbitzari bakoitza. Sistema federala litzateke.

Demagun pump.io nire zerbitzarian instalatzen dudala. Nire izena xabi@xr.eu izan daiteke; lagunak, aldiz, unibertsitatekoa erabiliko du berak zerbitzari propioa ez duelako (eta unibertsitateak garapenerako tresna garrantzitsua dela ulertu duenez, pump.io instalatu duelako): iker@ehu.es.

Elkar jarraitzeko aukera izango genuke, orain egiten den modu berean. Arazoak, oraingoz, bilaketak egiterakoan agertzen dira, momentuz gure zerbitzarian bakarrik bilatzen delako informazioa, hots, xr.eu-n egindako bilaketak xr.eu-n bakarrik egiten direlako, eta gainontzekoa zerbitzariak –ehu.es, esaterako– bilaketetatik kanpo geratuko litzateke.

Aldaketa teknikoenak ez ditugu aztertuko. OStatus, PubSubHubBub, Salmon, JSON, Atom, Databank, MySQL, NoSQL eta antzeko kontzeptuak kanpoan utziko ditugu sarrera honetan. Baita lizentzia motak ere.

Pump.io-ren asmoa ona den arren, SatusNet-ek dituen eta erabiltzaileak izutu ditzazkeen bi akats nabarmenak honakoak dira: batetik, aplikazio onak falta dira, bai ordenagailu zein tablet eta mugokorretarako; bestetik, gai bakarra dago Identi.ca-n: informatika eta teknologia, baina ez kontsumokoa, ingeniaritza informatikoa baizik.

Arduradunek programatzaileak erakarri nahi dituzte, eta hauek izango dute giltza gabezia asko konpondu edota jario orokor bat sortzeko, besteak beste. Pump.io-k bide luzea du egiteke eta hileotan ikusiko dugu plataforma honen garapena. Baina bi oztopo horiek konpondu ezean, Twitterrek jaun eta jabe izaten segituko du.

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.