Lur jota

Fran eta Victorren logela

Azken egunak gogorrak izan dira oso. Whitechapel inguruan pare bat gela ikusi nituen, beste bat Hoxton aldean, eta, azkenean, larunbatean –igandean Moyraren etxetik alde egin behar nuen– King’s Crossera joan nintzen. Gela garestia zen, bai, baina komuna hiruk baino ez genuen konpartitu behar. Armairua egongelan zegoen, bai, baina gelak bi kristal zituen eta apenas entzuten zen kaleko trafikoa. Sukaldea txikia zen eta hozkailua ere egongelan zegoen, bai, baina gela beroa zen berogailuari eta eguzkiari esker.

Baietz esan nien orduan, gela hura nahi nuela, eta hauek igandean joan nedin esan zidaten, goizeko hamarretan-edo. Primeran. Eskua eman eta alde egin nuen. City inguruan bazkaldu nuen, eta etxera bueltatu nintzen, oinez. Etxean Moyrari banindoala esan eta pisukide berriei ohea ze tamainakoa zen galdetu nien, izarak-eta nik eraman behar nituelako.

Handik pare bat ordutara ez kezkatzeko erantzun zidaten, gela beste norbaitek hartua zuela, egunean bertan ordaindu baitzuen. Beraz, igandean, etxetik atera eta eskolatik gertu dagoen ikasle egoitzara joan nintzen. Ostiralean bertan egon nintzen ea gelak zituzten galdetzen, eta baietz. Ez indibidualak, baina bi ohekoak bazeudela, igandetik igandera, gosaria eta afaria barne, 150 liberaren truke.

Hara iritsi eta ezetz, guztia beteta zegoela. Bayswater inguruan hostel gehiago zeudela aipatu eta bertara joan nedin gomendatu zidan harreran [errezepzioan] zegoen tipoak. Eta han bai, bazeuden gelak.

– Zein gela mota nahi duzu: indibiduala, bikoa, hirukoa, laukoa, zortzikoa…

– Indibiduala, mesedez.

– Ez dago indibidualik.

– Bikoa orduan.

– Ezinezkoa da.

– Emadazu hirukoa.

– Laukoa izan beharko da.

Eta laukoa hartu nuen. Eskaria hain handia zela ikusita baita hiru egunetarako hartu ere! Ordurako Franekin nengoen, tokiren batera joateko asmoa geneukalako maletak utzitakoan. Hosteleko gelan geundela beste bezero bat iritsi zen, gure parean biluztu zen tripatzarra agerian utziz, eta komunean sartu zen ezer esan barik. Fran eta biok zer esan/egin/begiratu ez genekiela.

Natur zientzien museoan geundenean bere etxera gonbidatu ninduen, hain zen txarra hostelean ikusi zuena. Eta horixe egin nuen. Gonbita onartu eta arratsaldean hostelera itzuli, maletak jaso, pare bat labezomorro hil txiza egiten ari nintzela, check out egin, eta Franen etxera joan nintzen. Koltxoia bazegoen, baina mantarik ez eta jantzita lo egin behar izan nuen. Astelehenean, hots, hurrengo egunean, ingeles klaseak hasi nituen. Ze piura! Eskerrak dutxa bero bat hartzeko aukera izan nuela.

Eskola inguruan geratu nintzen iragartzen ziren gela guztiak aztertzen eta berauek ikusteko tartea eskatzen, horietako batek erantzun zuen arte. Eta bostetan etxea ikustera joan nintzen. Kontratua begiratu gabe onartu, fiantza ordaindu, eta denda batera joan nintzen izara eta [batez ere] edredoi bila. Gaua hobea izan zen, bakerorik gabe lo egin nuelako manta sintetikoaren azpian. Oraindik ere Franen etxean.

Portzierto, badakizue ipar-amerikako etxeetan bi ate daudela, bata kristalezkoa eta bestea egurrezkoa? Bada, etxetik irteterakoan, isilpean –etxe hartako guztiak lotan zeudelako nik alde egiten nuenerako–, bi ateen artean itxita geratu nintzen. Zorionez bizilagun bat komunera joan behar izan zen eta han aurkitu ninduen.

Asteartean beraz, eskola ondoren, gainontzekoa ordaindu eta giltzak jaso nituen. Gela berrira sartzeko prest nengoen. Arazoa? Franen etxean obretan ari diren langileak etxearen jabeak direla, eta ni ezin nindutela ikusi gauzak jaso eta gelara eramateko. Ia gaueko hamarrak arte.

Edredoia eta arropak hartu eta logelara etorri nintzen, gainontzekoa beste egunen baterako utziz. Beste edredoiren bat beharko ote ez dudan galdetzen diot nire buruari.

Igandetik gutxi lo egin eta gaizki jaten egon naiz: azukre asko, aldez aurretik prestatutako janari merkea, edari karbonatatuak… Toki batetik bestera eraman behar izan dudan pisuak ere eragina izan du nire gorputzean eta oraindik nago kolpez josia edo, ingelesez, black and blue daukat gorputza, ubelduraz betea.

Eta hemen amaitzen da logelaren bilaketaren historioa. Datorren egunean: logela bera.

1 thought on “Lur jota

  1. Harrigarria, Xabi! Beste planeta baten zaudela dirudi. Nepalen, Himalaya inguruetan, ez dago horrenbeste trabarik.

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.