London: lehenengo eguna

IMG_20140119_164232Hegaldia ezin hobeto joan da. Horrek ez du esan nahi deshidratatu ez naizenik. Bilbo estaltzen zuten lainoak igarota, bidaia osoan zeru urdina izan dugu eta turbulentziarik gabe iritsi gara Heathrowra, espero baino 20-25 minutu goizago. Muga berehala pasa dut pasaporte elektronikoari esker, nire maleta lehenetarikoa izan da irteten, eta ondoren mugikorrerako sim txarteltxoa erosi dut metroaren pasearen bila joan baino lehen.

Anfitrioiak esan bezala, geltokira iritsi naizenean mezu bat bidali diot (zenbaki zaharrarekin, telefonoko txarteltxoa aldatzeko behar den orratz madarikaturik ez neukalako). 20 minutu geroago beste bat. Azkenean deitzea erabaki dut eta orduan konturatu naiz zenbakia gaizki markatuta neukala. Nire bila etorri da eta etxera eraman nau, berau erakutsi dit eta sukaldean eseri naiz berak afaria prestatzen zuen bitartean: Sunday roast.

Gaurkoan ahatea. Berarentzat janaria zein garrantzitsua den azaldu dit bitartean, bere seme-alabak igerilariak direla eta pila bat jaten dutela, coca-colarik ez duela hozkailuan, etab. Handik orduren batera etxeko beste ikaslea etorri da. Frantsesa da bera, duela bi aste etorri zen eta hiru hilabeterako geratuko da. Asteburu honetan etxera bueltatu da emaztea eta alabak bisitatzera. Esan beharrik ez dago bere logela onena dela.

Afaldu ondoren Ikeako altzarietan sartu dut nire arropa. Tiraderak (kajoiak) zikinak daude eta The Ghost Writer pelikulan bezala buelta ematen ere, zikinkeria ez da erortzen, pegatuta dagoelako. Nik ez dut inolako sobrerik aurkitu, ordea. Jabeak dio ez ninduela hain goiz espero, baina ez dut uste garbituko lukeenik denbora izango balu ere. Eta ez da izango garbitzekorik ez daukalako.

IMG_20140119_222517

«Nik bakarra erabiltzen dut, ez ditut 200 erabiltzen» dio telebistan iragartzen den garbiketarako produktu ezagun batek. Beti pentsatu izan dut esaldi hori puztuta zegoela. Bada, 200 produktu erabiltzen dituen emakumea ezagutu dut gaur. Beste komunean gehiago ditu. Eta sukaldean beste hainbeste.