Ezinezkoa dirudi

Lan eskaeren jarraipenaBost hilabete baino gehiago daramatzat lan bila Londresen, eta ezinezkoa zait ezer aurkitzea. Jakin banekien arren zaila izango zitzaidala kazetari bezala jardutea atzerrian, hasieran kazetaritzarekin zerikusia zuten lanak eskatu nituen.

Euskal Herrian ez dakit, baina hemen curriculuma bidaltzeaz gain, motibazio eskutitz bat idatzi behar duzu. Beraiek aipatzen ez badute ere. Eskutitz horretan lan eskaintzan aipatzen diren betekizun guztiak menperatzen dituzula sinestarazi behar dituzu. Konbentzitu behar ditu, bestela ez zara hurrengo fasera pasako-eta. Eta noski, ez du balio eskutitz modelo bat izatea: beti moldatu behar duzu; eskaintzaren neurrira egin behar duzu.

Lan bat eskatzen duzunean, ondo; hamar, tira. 50 eskatu dituzunean, ordea… nazkatuta bukatzen duzu. Gainera, erabat irrealak dira motibazio eskutitz horiek, lan eskaintzan azaltzen diren betekizunen antzera. Gaitasun zerrenda amaiezinak lizentziatu berrientzat? Orrialde bakar batean ezin dira ∞ gaitasun justifikatu.

Kazetari izateko deitzen ez zidatela ikusita, aukerak zabaltzen hasi nintzen. Badakigu kazetariak ez direla erredaktore hutsak, eta bideo edizio, WordPress kudeatzaile, aldizkarietarako iragarle-bilatzaile, itzultzaile eta antzekoak eskatzen hasi nintzen.

Udako euli gorrotagarri horien antzera, zurrumurru bat entzuten nuen nire inguruan uneoro: espektatibak jaitsi behar nituela, hasierako lanak beti direla janari azkarreko jatetxe horietako batean, etab. Senior edo Manager postuetarako eskakizunak egiten ibiliko banintz bezala! Bada, ez: beti eskatu ditut praktikak, lehenengo lanpostu edo lizentziatu-berrien kategoriak.

Jasan behar ditudan beste komentario konstruktibo batzuk:

  • «Es ke espainarra izanik ziur akatsekin bidaltzen dituzula curriculuma edota motibazio eskutitza»
  • «Eskaera asko jasotzen dituzte enpresek eta ez dituzte guztiak irakurtzen. Lagunen bat barruan dutenek lortzen dute lana bakarrik»
  • «Hemen dirua eta denbora galtzen ari zara, ez duzu ezer lortuko. Inoiz ez»

Urrian, azkenean, itzulpengintza enpresa batetik idatzi zidaten, bigarren motibazio eskutitz bat bidaltzeko eskatuz. Skype elkarrizketa izan zen ondoren. Geroago zuzeneko elkarrizketa egin genuen. Azkenean ordenagailu froga egin zidaten: lanpostua itzulpenak maketatzeko zen InDesign erabiliz eta azaldu zidaten estiloak erabiltzen nekien ikusiko zutela. Besterik ez.

Azkenean, kostata, berandu, nire epostari erantzun zioten, hurrengo fasera ez nintzela igaro esanez. «Gainerako biek esperientzia dute alfabeto ez latinoak maketatzen», gaineratu zidaten. Eta horretarako izan nauzue bi aste gora eta behera? Egindako froga “zuzenduta” itzuli zidaten, eta maketazioa pobrea zela zioten. Azal lodia behar da gero!

Diseinatzaile grafiko postuak begiratzen ari naiz, baina itxaropen gutxirekin. Iragarkiek ez dute laguntzen, eta gehienak adarjotze hutsak dira.

IMG_3457.PNGHonako eskaintza honek zera dio: Adobe Photoshop, Illustrator, Dreamweaver, Flash, HTML lengoaia, WordPress eduki kudeatzailea eta MySQL datu-base sortzaile eta kudeatzailea menperatu behar dituzula. Gutxi balitz, programok zure ordenagailuan izan behar dituzu jada [doakoak ez direnak, sorpresa!], eta ordenagailu horrekin lan egingo duzu. Zure ordenagailua. Orduan, zer da enpresa buruak jartzen duena, lokala besterik ez? Argindarra ere langileek ordaindu beharko ote dute? Txiza egin nahi duzun bakoitzean 30p kobratuko dizute?

Lanen kategoria gero eta gehiago jaitsi dut eta duela gutxi eskalada-murru edo rokodromo batean eskatu nuen lana. Iragarkia:

IMG_3455.PNG

Ikusten duzuenez, ez dago batere argi zertarako den: instalazioak garbitu, bezeroen autoak aparkatu, sarrerak saldu… batek daki. Eskatu nuen eta hau da erantzuna:

Many apologies, but on this occasion we are unable to offer you a position. We are looking for people whom can teach Introduction courses, therefore we are unable to offer you an interview.

Hain zaila al zen iragarkian zehaztea? Zergatik diote ez dela inolako esperientziarik behar, beraiek emango dizkizutela behar diren ikastaro guztiak, gero 50 urteko esperientzia nahi baldin badute? Onartu behar da behintzat erantzun dutela, gehienek egiten ez dutena. «Ez da esperientziarik behar, baina bi urte edo gehiagoko esperientzia izatea gomendagarria da» zioen beste iragarki bat gogorarazi dit.

Janari-azkarreko jatetxe-kate batean ere saiatu naiz [saiatu ez naizela leporatu ez diezadazuen], eta 12 ordutan nire eskaera atzera bota dute. Hamabi ordu! Nire izena eskaeretan eskaneatu eta automatikoki baztertzen nauen erroboten bat ote dago? Hori dirudi.

Eta horrela guztia. Abenduaren erdialdean Gasteizera itzuliko naiz behin-behinean. Zertarako, ordea? Ez al dut hemen izaten ari naizen arazo bera izango?

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.