Etxera noa

image

Duela bi aste inguru, larunbat batean, buruko, lepoko, tripako eta giltzurrunetako minarekin esnatu nintzen. Txiza egitera joan nintzen orduan, giltzurrunetakoa gernu-maskuria lehertzear izateak eraginda izango zelakoan. Ikusmena galdu nuen orduan. Ahal bezala ohera itzuli eta bertan geratu nintzen etzanda. Orduan ez nekien baina gastroenteritisa neukan eta bost egunez etxean geratu nintzen. Ostegunean, hori bai, eskolara joan nintzen azterketa egitera. Baita gainditu ere!

Eskolak, ordea, ez dauka Proficiency kurtsorik, eta High Advance izeneko kontu bat asmatu dute Michel brasildarra, Sebastien frantsesa, Karen suediarra eta laurontzat. Hori bai, amaitzerakoan Proficiency agiria emango digutela diote. Ikusiko dugu. Aste honetan, gainera, British Council erakundekoak datoz eta bihar beraiekin hitz egiteko eskatu didate, eskolaren funtzionamenduaren testigantza emateko-edo.

Osteguna noiz iritsiko zain nago, pubera joateko eguna delako. Alex mexikarra eta Julia italiarrarekin hitz egiten dut gehienbat eta aurreko astean oso gustora sentitu nintzen, hitz egiterakoan inolako mugarik izango ez banu bezala. Ea aste honetan sentsazio hori errepikatzen den, ez dudalako uste ohikoa denik: sarritan, etorri nintzenean baino ingeles kaskarragoa dudala pentsatzen dut. Gainera tipo horien azken osteguna izango da eta agurtu beharko ditut, zoritxarrez.

Beste kontu bat. Ohean eman nituen egun horietan, internetik gabe egon ginen etxean. Agentziakoek internet hornitzailea* aldatzea erabaki zuten, eta enpresak bidali zuen router berria jasotzeko inor ez zegoenez etxean, ezin konektatu internetera, ezta router zaharra erabiliz, kontratu hori bukatuta baitzegoen ordurako. Agentziakoekin hitz egin eta errua gurea zela, guk jaso behar genuelako paketea. Guk etxerako lan egingo bagenu bezala! Gainontzeko bizilagunak oso haserre daude ere eta ikusiko dugu zer gertatzen den agentziako tipoa errenta kobratzera datorrenean. Beherapen bat nahi dugu.

Kontraturik izan gabe badago etxean internet izateko aukera, operadoreek hirian zehar dituzten antenen bidez baina egun bakoitza 6£ da. Horri elektrizitatea gehitu behar zaio: bi astetan 90£ ordaindu dugu. Gehiegi dela deritzogu. Ni gela bila hasi naiz dagoeneko, apirilaren 25ean bukatzen zaidalako kontratua eta ez dut luzatu nahi.

Orain kontu serio bat. Errepublikaren egunean, hots apirilaren 14ean, Gizarte Segurantzaren zenbakia [edo NIN, National Insurance Number jatorriz] eskuratzeko eskaera egingo dut. Hilabete inguru beharko du zenbakiak, baina momentu horretatik aurrera kontratu batekin lan egiteko aukera izango dut. Ez naiz maiatzaren amaiera arte lan bila ibiliko, ordea. Zergatik?

Maiatzaren 10ean etxera itzuliko naiz. Ez dira egun asko izango, aitaren urtebetetzea eta gero etorriko naiz Londresera bueltan, baina lanean hasi baino lehenagoko oporrak izango dira zeren, lanean hasten naizenean, ez dut uste egun bakar bat libratuko dudanik!

*Xabiren hiztegi pertsonala, Elhuyar hiztegiaren operadore hitzaren parekoa

1 thought on “Etxera noa

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.