Tom Daley kirolariak mutil batekin dabilela iragarri du eta…

Tom Daley kirolariak (igeritoki batera jauzi egiten duen horietakoa) mutil batekin dabilela iragarri du, eta hainbat kontu etorri zaizkit gogora:

  • Hasteko, Erresuma Batuan morroi hau jainkotzat dute. Bai, tipoa ez da batere itxusia, modan dauden gorputzetakoa dauka eta, garrantzitsuena, munduko saltokari onenetarikoa da; baina ez da jainko bat, ez hau ez beste inor. Jainkoak ez dira existitzen.
  • Jainkotasun hori 14 urte inguru zituenetik erantsi diote, eta ETBko albistegietara ere ekarri zuten duela bizpahiru urte. Gehiegizkoa da, gizarteak ez lioke inori horrelako trataerarik eman beharko. Bere lana egiten du, eta kitto. Presio handia eragin behar izan dio horrek Daleyri eta lehiakortasuna areagotu nerabeen artean.
  • Bideoari dagokionez, artifiziala iruditu zait. Litekeena da kamaren aurrean hitz egitera ohituta egotea, baina egiten dituen keinuak, hasperenak… zehatz mehatz neurtuta daudela dirudi. Nire iritzia baino ez.
  • Mezua. Berehala etorri zait gogora Matthew Mitcham australiarra, berak ere tranpolinetik jauzi egiten du eta homosexuala da. Jason Collins saskibaloi jokalari estatubatuarrak ere onartu zuen pareko espaloiekoa zela, baina honek ezin izan zuen talderik lortu NBAn jokatzeko. Beraz, kirolaren arabera onargarriagoa al da gay izatea?
  • Gustatu zait Daleyk gorenean dagoenean egin izana iragarpena. Ausarta izateaz gain, babesle/patrozinatzaileak urdurituko ditu, eta gainera ezin izango zaio leporatu titularrak bereganatzeko egindako iragarpena denik.
  • Batere gustatu ez zaidan adierazpena honako hau izan da: «Tom izaten jarraitzen dut, Olinpiar jokoetako domina bat izaten jarraitzen dut». Aizu, barkatu baina, eta dominarik izango ez bazenu? Gutxiago izango zinateke? Dominarik ez duten kirolari homosexualek ez dute gay izateko eskubiderik edo zer demontre?
  • Alde batetik bizitza eredu bilakatu diren edo bilakatu dituztenek homosexual direla esatea onuragarri izan daiteke gizartearentzat, baina bestetik nola lortuko dugu normalkuntza beti ari bagara sexu aukera nabarmentzen edo azpimarratzen? Noiz utziko dio sexu aukerak albiste izateari?
  • Amaitzeko, beti bezala, bere bizitza pribatua berea baino ez da. Niri bost honek bere mutil lagunari zer eta nondik egiten (uzten) dion. Zuetako zenbatek pentsatzen duzue François Hollande Errepublika frantseseko sexu-bizitzan? Horixe bera.

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.