Bruselara iritsi berri

Gortina ireki eta eguzkia. Ezinezkoa dirudi atzoko euri-jasa ikusita.

Hegazkinak Loiu utzi bezain laster eta Bruselara iritsi arte hodeiak baino ez ziren ikusi. Eskerrak tren geltokia aireportuan bertan dagoela eta ez dela kanpora atera beharrik. Baina bestelakoa izan zen Gare du Nord-era iritsitakoan. Ez dut tren geltoki dekadenteagorik ikusi bizitza osoan (eta Surrey Quays-en bizi izan naiz!): nahikoa argitzen ez duen argi horixka goibela; trenetik jaitsi bezain laster itofinekin agurtzen zaituen nasaren teilatu laburregia; beste hamarkada bateko arkitektura, diseinu eta materialak; eta txiza usaina.

Txiza usaina Bruselan eskale andana dagoelako eta tren geltokian pilatzen direlako ugari. Geltokitik hotelerako bidean (hamar bat minutu) gutxienez 15 eskale ikusi nituen, luxuzko banketxe eta aseguru-etxeen altzairuzko eta beirazko hormen kontra haizearengandik babestu nahian.

–––

Ez du luze iraun ordea. Gosaltzen ari nintzela bota du eguneko lehen zaparrada, eta orduak pasa ahala beste lauzpabost aldiz busti du, atzokoarekin alderik izan ez arren, zorionez.

Kotoizko kamiseta batzuk erosi, hotelean utzi, eta praktikak egingo ditudan bulegoruntz abiatu naiz. Eta gero apur bat hurrunago. Europako Batzordea inguratu eta bertako auzunea bisitatu dut, Schuman eta Meiser geltokien artean dagoen ingurua. Bertan badago gela bat, eta alokatzekotan ibili naiz, baina oraindik ez dut erabaki.

Hotelerako bideari ekin diot orduan eta bidean bokata bat erosi dut. Erdialdean ez bada, ez dut bazkaltzeko aukera askorik ikusi, eta ikusi dudana ez zait erakargarriegia iruditu, Londreseko Seven Sisterseko kale nagusia gogorarazi dit.

Arratsaldean beste gela baten ingurura joan naiz, hoteletik nahiko gertu dagoena. Baina dirudienez gehiegi luzatu naiz bazkaltzen eta interneten gela bilatzen, eta irten orduko iluntzen ari zuen. Ez dut askorik ikusi, gauean guztiak du antzeko itxura, eta Burtsa eta Grand-Place bisitatzen amaitu dut.

Afaltzeko, atzo eta asteko gainerako egunetan izango den bezala, oilasko hanburgesa eta txokolate beroa erosi ditut gelan jateko. Eskerrak txikia den hanburgesa, nazkagarria delako.

Kanpoan 3 eta 10 graduren artean egiten du, eta gezurra badirudi ere, hoteleko gelan naiz hotz handien: chill-out terraza batetik ostutako butaka bat dauka aulkitzat, berde pistaxo, plastikozkoa, eta ez oso erosoa. Uste dut horretan eserita egoteak hozten nauela. Eta badago entxufatzen den berogailu horietakoa, baina gela osoan entxufe bakarra egonda erabaki behar dut zer den garrantzitsuagoa: berogailua edo ordenagailua. Nik ez daukat zalantzarik.

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.