Bi aste Nexus 5a jaso nuela

Nexus 5 screenshotBi aste igaro dira telefono berria iritsi zitzaidanetik: Nexus 5 bat. Telefono zaharrarekin alderatuta, Nexus hau izugarria da, batez ere pantailari dagokionez. Primeran dabil, azkarra da eta behar guztiak asetzeko beste aplikazio daude Google Play denda ofizialean naiz beste denda batzuetan.

Hala ere baditu gustatzen ez zaizkidan kontu batzuk: mikro-usb kablea konektatzea zaila egiten zait. Ez hori bakarrik, telefonoak bi material baino ez ditu, kristala eta gomaren antzeko plastikoa. Bada, usb kablea konektatzen saiatzerakoan, atakaren inguruko plastiko/goma hori markatu dut dagoeneko. Eta ez dut nire burua trakestzat.

Pantaila: handiegia da. Bost hazbete ditu ia-ia (4,95) eta ezinezkoa da esku bakarrarekin gustora erabiltzea, beti zabiltza eroriko zaizun beldur. Eta bai, aplikazio gahienek kontrolak pantailaren behe aldean kokatzen dituzte erosoagoa izan dadin, baina 5 hazbete gehiegi dira. Fraketako poltsikoan ezin sartu, eta jakarenean eginez gero, ez zaitez bizikletaz ibili edo sahietsen artean sartuko zaizu pedalei eragiten diezun bakoitzean.

Pantailak telefonoaren aurrekaldearen zabalera osoa du ia, eta sarritan gailua heltzerakoan pantaila ikutu nahi zenuela ulertzen du; oker dago, baina. iPad txikiei gertatzen ez zaiena, zeren Appleren trasteek badakite noiz ikutu nahi duzun, eta noiz ari zaren besterik gabe heltzen. Hobetzeke, Google.

Bateriari dagokionez, egun bat iraun dezake, egungo mugikor gehienen antzera, baina arrunta izan arren ez litzateke normala izan beharko. Nazkatuta nago telefonoa  larregi erabiltzen ez dudan arren egunero kargatu behar izateaz.

Kamara ere… eskas samar. Ez dut inoz gehiegi erabili, baina duen kalitatearekin are gutxiago erabiliko dut. Modan dagoen HDR+, panoramika eta nahi dituzun lelokeria horiek guztiak ditu, baina ez dute miraririk egiten. Gainera kamara telefonoaren gorputzetik gailendu egiten da (orain, dirudienez, horrela izan behar da) eta arraspatzeko aukera handitu egiten da.

Ez dut inork gaizki ulertzerik nahi, telefonoa ona da, batez ere duen preziorako, baina ez da perfektua. iOS gailuetatik etorrita interesgarria da abisuetarako duen argitxoa:  abisuaren arabera kolore bat izango du, eta pantaila piztu gabe jakin dezakegu zer iritsi zaigun (adibidez: argi laranja epostarako, urdina Twitter eta Facebookerako, berdea dei  edo Hangoutetarako, gorria albiste berriak iristen direnerako…). Txorrada bat, badakit.

Transdroid screenshot

Onena, zalantzarik gabe, aplikazioen aukera zabala da, orokorrean iOSekoenak kalitate handiagoa izan arren. Esan bezala, Google Play denda ofiziala lehen aukera da, baina ez bakarra. Aplikazio edo programak besterik gabe jaistea dago edozein webgunetatik, edo bestelako dendak instalatzea ere posible da, F-Droid kode askeko aplikazioen katalogoa bezala. Bertan aurkitu dut argazkian duzuen ordenagailuko Torrent artxiboak kudeatzeko programa zoragarri hau: Transdroid. Horrelakorik ez dago iOS plataforman.

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.