Bi aste Londresen

Oxfordeko Christ Churcheko klaustroaBigarren astea pasa da eta apenas egon da aldaketarik. Eskolan morroi berri bat dugu eta espainola izan nadin nahi du. Gaurkoan jolas bat egin dugu: tipo hau eta Alexia lan bila ari ziren, eta ni elkarrizketa ari nintzaien egiten. Guztia lotu du sexu eta emakumeen bortxaketekin eta, imajinatzen duzuenez, ez diot lana eman. Bere azken argudioa zera izan da: biok espainolak ginenez, berari eman behar niola lanpostua.

«Baina Xabi euskalduna da», azaldu dio orduan irakasleak. «Ez, espainola da», erantzun dio tipo honek. Eta horrela jarraitu dute haietako bat nekatu den arte. Atsedenaldiaren ostean, astelehenero bezala, ikasle berri bat gehitu zaigu, mexikarra, eta nongoak ginen galdetu digu. Nire txanda iritsi eta Euskal Herrikoa nintzela adierazi diodanean, atzetik «espainola» entzun da.

Suposatzen dut morroia ez dela gustora sentitzen klasean, bere ingeles maila baxuagoa delako; eskolak maila baxuago bat gomendatu zion, baina berak mailaz igotzeko eskatu zuen. Zerbait ulertzen ez duenean niri galdetzen dit, eta ni ingelesez saiatzen naiz azaltzen (ingeles eskolan gaude!) berak explícamelo en español agintzen didan arte. Bokata jatera joan eta zerbitzariari ni bere itzultzailea nintzela esan dio zerbitzariak zer esan dion ulertu ez duenean! Ostirala bere azken eguna da, eskerrak. 20 urterekin sagarrak bere amak zuritzen dizkiola baino ez dut gehituko.

Etxean, ostiralean jabea ez zen agertu, ez afaria prestatzeko ezta lo egiteko ere. Lagun batekin zegoen honen semearen zain, bere urtebetetzea zela eta ez-dakit-nondik zetorrela. Goizeko ordubatetan etxera itzultzeko berandu zela erabaki eta lagunaren etxean geratu zen.

Kontzientzia garbitzeko-edo, igandean igeritokira eraman ninduen eta baita bertako sarrera ordaindu ere. Oso atsegin dabil azken egun hauetan. Igeritokiko betaurrekoak apurtu zitzaizkidan zoritxarrez, eta berehala atera behar izan nintzen. Kolekta bat egiten ari naiz berriak erosteko. Aurki kontu korrontearen zenbakia emango dizuet.

Larunbatean Oxforden egon nintzen eta ondo, baina bidaia luzea da (ordu t’erdi) eta herria jendez gainezka dago. Fakultateak garestiak dira eta kontutan hartu bazkal orduan geldialdia egiten dutela. Baina gomendatzen dizuet.

Bestela, Londresen, kalean hotz, baina euririk ez. Eskumako eskua erabat atrofiatuta iristen da etxera, bidean zehar maiz begiratzen dudalako mapa mugikorrean, eta pantaillek ez dituzte eskularruak detektatzen. Portzierto, gogoratzen al duzue Jack Nicholson As good as it gets (edo Mejor imposible) filmean? Bada, pelikulan bezala, baldosen arteko marrak zapaltzen ez dituen bat ikusi dut gaurkoan.

1 thought on “Bi aste Londresen

  1. Bai aurkikuntza bitxia egin duzuna. Ez ote zara damu tipo horrek alde egin behar izanaz? Ez zinateke aspertuko. Zure diru bilketan parte hartuko dugu, bai horixe. Unai Madrilen dago hiru asterako; lan berri baterako aukeratu dute eta prestakuntza iksataroa emango diote. Amaitutakoan Bilbora itzuliko da; sei hilabeteko proba kontratua izango du eta gerora ikusiko da zer gertatzen den. Goraintziak gu hiruron aldetik.

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.