Bi aste Advance eskolak hasi nituela

20140307-145701.jpg

Ostirala. Udaberri giroa. Beste aste baten amaiera. Beste ikaskide batzuen agurra. Aurrekoan Ilenia eta Gilanirena izan zen; gaurkoan Elisa, Marian, Kristina, eta batez ere Adriana eta Yuri-rena. Parisera doaz aurrenik, Bruselara ondoren, Italiara gero, eta Brasilera itzuliko dira amaieran. Biak dira kazetariak eta bikotea ere bai —oker ez banago—.

Yurik lana utzi eta podcasten bidez pelikulen kritika egiten duen webgune bat muntatu zuen. Ilea urdintzen ari zaio. Adrianak ere lana utzi zuen edo, zehatzago, freelance bezala dihardu eta ez zuen ezer berririk onartu Europara etortzekotan zegoelako. Bere txakurra maite du eta egunero hiru ordu ematen ditu lanera joan eta etxera itzultzen. Hori da eskola tabrtetxoetan ikasten dena.

Kristinarena beste kontu bat da. 18 urte-edo ditu, austriarra da, eta Londres gorroto du. Ingelesa ikastera etorri zen eta eskolatik gertu dagoen erresidentzian egon da. Nazkatuta dago gaztelania eta portugesa entzuteaz. Bakarrik etorri zen, eta agian horrek eragina izan du. Klubera joan zen batean, Austrian onartuta dauden baina Londresen legez-kanpokoak diren pipermin spray bat konfiskatu zioten; poliziari dei egin behar ziotela azaldu eta deskuidu bat aprobetxatuz, ihes egin zuen. Orduz geroztik ikaratuta dago, poliziak aurkituko duen beldur. Gaur poz-pozik zegoen Londresen azken eguna izateagatik.

Faltan sentituko ditut, Ilenia italiarra eta Gilani brasildarraren hutsunea nabaritzen dudan bezala; hobeto ezagutzen ditudanak dira beti alde egiten dutenak.

Aste honetan ikaskideen kopurua bikoiztu da eta gela aldatu behar izan dugu. Eguzkiak goizean goizetik berotu du ikasgela eta, berogailuarekin batera, beroa handiegia izan da. Aire egokitua piztuta zegoela ez zen nabaritu ere egiten. Horrek edo eskolara garaiz iritsiko nintzen kezkak buruko mina eman didate.

20140307-145739.jpg

Oraingo etxetik eskolara 30 minutu ditut Jonny aurreko irakaslearen arabera. Baina trenak beteta iristen dira geltokira, eta zain dagoen jendearen laurden edo heren bat baino ezin da igo. Gainontzekoak beste tren baten zain geratu beharko dira. Baina gauza bera gertatzen da ondoren datozen trenekin.

Eta Jonny aipatu dudala, Meenu [/minah/] da oraingo irakaslea; ez dauka aurrekoak zuen bizitasuna. Nabarmendu behar da adin desberdintasuna: ez bakarrik irakasleen artean (Meenu oraindik gaztea dela esango nuke), baita ikasleen artean ere. Anna errusiarrak, Sha Zha iraniarrak eta hirurek euren seme-alabei buruz hitz egiten dute. Astelehenera arte itxaron beharko da ikaskide berriak ezagutzeko.

Ostegunean espainiarrek dei egin zidaten, pubera joateko gonbita luzatuz. Lehenengo, eskolak ingelesa praktikatzeko antolatzen duen tabernara joango nintzela esan nien, eta gehituko zirela erabaki zuten. Eskola ate parean nengoela ikusi ninduten eta beraiekin pubera sar nedin eskatu zidaten, eskolatik irtengo zen taldeari zain egon barik. Ezin ezetz esan.

Eskolako taldea, ordea, ez zen gu geunden tabernara etorri, eta arratsalde osoa gazteleraz barra-barra ibili ginen. Eskerrak Francesca eta Ciara italiarrak eta Alejandro uruguaiarra etorri ziren! Baina ez zuten luzaroan iraun; ez da harritzekoa.

Juanek lanean dituen gorabeherak azaldu zizkigun: oraindik ireki gabe dagoen hotel bateko jatetxean lan egiten du. Sukaldari portugesak Michelin izar bat dauka eta 10 dira orotara zoroen pare janaria prestatzen ari direnak. Juanek plater eta mahai-tresnei distira atera behar die. Egunero betetzen da jantokia; astean zehar 75 lagun inguruk afaltzen dute [egunero], baina larunbatean 180 izan ziren zerbitzatu behar izan zituztenak. Langileak behar dituzte, baina hiru egunetan 40 eta koska ordu lan egin zutela entzutean… lorik egin gabe hiru egun eman zituen bekario-bankariaren historioa gogora datorkit. Badakizue, udan hil egin zena.

Etxeko sukaldean arratoi bat ikusi zuela ere azaldu zigun Juanek. Jorgek eskolan ikasten jarraitzen du baina ez dugu topo egiten. Eta gaur da Franen laugarren froga eguna Chelseako kafetegi batean. Hilabete egon da lan bila, berak eta agentziak espero zutena baino askoz luzeago. Victor bere logela-kidea ere lana aurkitu ezin dabilela-eta agian Madrilera itzuliko dela aurreratu digu Franek. Juanek Victorren tokia hartu nahi du etxean, lanetik gertuago egongo litzatekeelako eta, batez ere, arratoiaren kontuagatik.

Gure pisuko kide batek ere alde egingo du, hegoalderago dagoen etxe batera. Nik Juani aipatu diot, arratoirik ez dagoela nabarmenduz, baina tiraderen barruan ere lizuna dagoela entzutea ez zaio larregi gustatu.

In other news, kontu korronte nazkagarri bat irekitzea lortu dut.

* Izenak nik nahi bezala idatzi ditut
** Argazkiak ez dira gaurkoak

1 thought on “Bi aste Advance eskolak hasi nituela

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.