Bergen

Fløisbanen
Lehenengo gauza: turismo bulegora joan txartelak aldatzera. Orduan azaldu ziguten txarteletan jartzen duen data ez dela zein egunetan erabili daitekeen (Oslo bertan erabilitakoak bezala), baizik eta iraungitze data. Joe, ez dago asmatzerik!

Tranbia hartu eta Fantoft-eko Erdi Aroko egurrezko eliza bisitatu genuen hasieran, eta ondoren Bergen erdialdera itzuli ginen, bertatik sortzen baita Fløibanen-era doan funikularra. Hiria goitik ikusi ahal da eta toki egokia izan daiteke argazkiren bat egiteko, baina hain altu egonda litekeena da lainoek gehiegi ikusten ez uztea.

Handik hamaika ibilbide hasten dira, eta zailtasunaren arabera ordenatuta datozen liburuxka batetik aukeratu dezakezu gehien moldatzen zaizuna. Nahiko errezak dirudite guztiek, guk 5 kilometroko ibilbide bat egin genuen ordubete t’erdian, liburuxkan 3 ordu zehaztuta zetorren arren.

Fløibanenera itzulita, oinez jaitsi ginen, gida-liburuetan gomendatzen dutena jarraituz. Bi bide daude, ordea, eta jaitsi ahala beste desbiderapen batzuk agertzen dira, bide egokia zein den asmatzea zailduz.

Gauean hoteletik gertu dagoen beste jatetxe batean afaldu genuen, veganoa. Hanburgesak gozo zeuden, baina glutenik gabeko txokolatezko tarta ezinezkoa zen jatea.

Fiordoetara
Atzokoan paseoan ibili ginen goizean portuko kaleetan zehar, eta arratsaldean fiordo bat(zuk) ikusteko ontzia hartu genuen. Barruan leihoak zikin, eta kanpoan ezin argazkirik egin, haizeak larregi mugitzen gintuelako.

Behintzak ez zuen euririk egin, baina Bargenen udazkeneko giroa ari du egiten: haizea zakar dabil eta termometroa ez da 15 gradura iristen.

Eguna amaitzeko, beti bezala, jatetxe italiar batera joan ginen. Janari kopurua handia izan zen, eta onena sagar tarta epela. Eta handik ohera, goiz jaiki behar ginelako hurrengo egunean. Goizeko seietan hain zuzen ere.

Skjerjehamn
Zergatik? Zortzietan beste ontzi bat hartu behar genuelako beste fiordoren bat ikusteko. Itsasontzi honek Skjerjehamn izeneko uhartera eraman gintuen. Ferryak utzi eta beste batek jaso bitartean, ingurua bisita daiteke baina ezin da miraririk egin 40 minututan. Onena bizikleta hartu eta eguna bertan pasatzea litzateke. Irlak eta fiordoak ikusi nahi dituenak badu txartel berezi bat, nahi beste ontzi hartu ahal izateko.

Arratsaldean beste bueltaren bat eman genuen eta, oraingoan ere, afaldu eta ohera, larunbateko goizeko lauretan aireportura joan beharko dugulako.

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.