BBCren dilema eta Top Gear saioaren etorkizuna

Igandea da baina gaurkoan ez da Top Gear-en saiorik egongo. Aste hasieran jakin genuen Jeremy Clarkson aurkezlearen eta Oisin Tymon produktorearen arteko liskarraz. Dirudienez aurkezlea haserretu zen lana bukatutakoan janari berorik ez egoteagatik eta «irlandar alfer alua» esan zion Tymoni. Produktoreari ukabilkada bat eman eta erietxera eraman behar izan omen zuten, espainetik odola zeriola.

BBCk saioa behin-behinean bertan behera uztea erabaki zuen orduan, gertatutakoa ikertu bitartean. Honakoa ez da Clarksonen jarrera desegoki bakarra izan. Top Gear autoei buruzko saio bat baino, umore programa bat da, eta baita inperialismo britainiarraren erakusle.

Egiten dituzten txantxa askoren erruz, barkamena eskatu behar izan zieten mexikarrei, eta Argentinan harrika jaso zuten Top Gearren talde osoa bertan grabatzera joan zirenean. Urte hasieran beste lintxamendu mediatiko bat jasan zuen Clarksonek, beltzak izendatzeko hitz arrazista bat erabili zuelako.

Aurkezlearen desegokitasun politikoak ez du mugarik. Karabanak eta txirrindulariak gorroto ditu, baita ekologismoa ere eta gay edo homosexualtasuna despektiboki darabil. Baina zer espero daiteke Margaret Thatcherren elizkizunera joan zen morroi batez? David Cameron Erresuma Batuko Lehen Ministro kontserbadorearen laguna da eta indar armatuei buruz harrotasunez hitz egiten du.

BBCk ezin du onartu horrelako tiporik bere langileen artean, baina hainbat arazo ditu Clarkson kaleratzeko: David Cameronen lagun izateaz gain zale asko ditu berak eta programak, eta 900,000 lagunek jada sinatu dute BBCk lehenbailehen berriro onartu dezan. Clarksonekin zorretan dago gainera, aurkezleak uko egin ziolako Channel 5en lan eskaintzari, bertan diru gehiago irabaziko lukeen arren.

Arazo larriena, ordea, ekonomikoa da. Top Gear da BBCri diru gehien ematen dion saioa. Mundu osoan ikusi daiteke eta formatua herrialde askotara esportatu dute. Betiko itxi lezake BBCk Top Gear? Urrezko arrautzen oiloa hil? Nik, behintzat, ez dut uste horrelakorik egingo duenik. Baina arrakasta bera izango luke saioak beste aurkezle batekin?

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.