Amsterdam, uztailak 20


Atzo aurreratu bezala, medikuak Josebarentzat erietxean txanda hartutakoan deitu digu. Arratsaldeko hiruretan ospitalean egoteko esan digunez, goizean Amsterdameko kale jendetsuenetako batzuetan barrena ibili gara.

Euria izan dugu lagun ia egun osoan, eta ez da giro egokiena izan, baina horrek ere lagundu du jende kopurua txikitzen. Atzo baino lasaiago ibiltzeko aukera izan daugu.

Hiru taldetan banatu gara: hoteleko gelan geratu direnak, hots, Joseba; FOAM argazkilaritza museora joan direnak; eta dendaz denda Auzo Gorrira joan garenok, gehiengoa.

Auzo Gorrian badago aurreko bisitetan ikusi ezin izan dudan ezkutatutako eliza bat. Amsterdam protestantea zenean, gainontzeko erlijioak debekatuta egon ez arren, tenpluak ezin ziren bistan egon. Horregatik han eta hemen eliza txikiak zeuden, begi bistan ez zeudenak baina jendeak ezagutzen zituenak.

Eliza konkretu hau Alemaniatik zetorren garagardo ekoizle batek eginarazi zuen. Eliza ikusteaz gain, garaiko etxe bat barrutik ikusteko aukera ere ematen du bisitak. Hamar euro balio du sarrerak eta audiogida doakoa da. Beharbada gehien gustatu zaidan museoa izan da. Bitxia benetan.

Eguerdian hotelera itzuli eta supermerkatuko bokatak jan ditugu. Berehala etorri da taxia eta ospitalera eraman gaitu. Paper kontuekin hasieran arazo batzuk izan ditugun arren, konpondu eta espezialistak Joseba hartu du.


Begiko arazoa dela-eta, ebakuntza behar duela azaldu diote, lehen baitlehen. Momentu honetan ezkerreko begiaren ikusmena ehuneko 50ekoa da; bihar bertan operatuz gero, ehuneko 80 edota –kasurik onenean– 90a berreskuratuko luke. Bilbora iritsi arte itxaronez gero, litekeena da ehuneko 10a baino ezin ikustea hemendik aurrera.

Ebakuntza gas bidez izango litzateke eta horrek beste arazo bat sortu du: bi astetan Josebak ezingo luke hegazkinik hartu. Amsterdamen pare bat aste geratzea da aukera bat; bestea, trenez zein autoz itzultzea, 22an bertan berak hala nahi izanez gero.

Aseguru etxearekin hitz egin ondoren eta denborarik ez galtzea zein garrantzitsua den ikusita, Josebak ebakuntza ostiral goizean egitea onartu du. Bihar aztertu beharko dugu ze aukera duen etxera itzultzeko.

Bitartean, taldeko kide gehienak itsas-museora joan dira. Niri ere gustatuko litzaidaken ikustea, baina etorkizunean izan beharko da. Kontsultak arratsalde osoa kendu digu eta hotelera itzuli orduko afaltzeko ordua zen.

Bihar Juantxuk hartuko du itzultzaile papera. Bai bera eta baita Yolanda ere, Gararekin egongo dira Joseba operatzen duten bitartean. Zorionez ebakuntza anestesia lokalarekin egingo diote eta gauerako hotelean egongo da, gau bat ere ez du klinikan emango.

Egunak gogor samarrak izaten ari dira. Hasieran egunean 15 bat kilometro ibiltzen ginelako handik hona, eta gero Josebaren ikusmenaren kezkarekin. Patuaren seinaleren bat izango ote zen overbooking-a?

Iruzkinik?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.