A zelako gaua

A zelako gaua

2014/04/20

A zelako gauaEz dakit egunero tolerantzia apur bat galtzen dudan edo pisukideak gero eta atzeratuagoak diren. Pentsatzen nuen lana aurkituko zutenean lasaituko zirela, baina oker nengoen. Pila bat edaten segitzeaz gain, gero eta gehiago erretzen dute. Lehen beraien gelan baino ez, gero sukaldean, ondoren kakalekuan, eta orain komunean ere zigarrokinak aurkitzea dago. Hautsontzi bakarra dagoenez, tupperrak ere erabiltzen dituzte, eta sukaldean badago kristalezko ontzi bat hamarnaka zigarrokin ur beltzetan igerian [edo, hobe esanda, itota] dituela. Ez da batere atsegina horrek botatzen duen kiratsa arnastea gosaltzen edota afaltzen zaudela.

Zaratatsuagoak ere badira. Ordenagailura bozgoragailu eramangarri bat konektatzen dute eta musika etxeko edozein txokotatik entzun daiteke. Ez bakarrik edaten eta erretzen dutenean, baita dutxatzen direnean ere. Beraiek ez dakit, baina ni laister gortuko naiz.

Sukaldeak leiho bat dauka, eta pisukide horietako bat etxera datorrenean eta barruan norbait dagoela ikusten duenean, leihoari kolpeak ematen hasten da [baina ze arraio!?]. Horri, dutxan uzten dituzten ileak gehitzen badizkiogu (zeren ez dakit zer –eta ez dut jakin nahi–, baina gorputzeko zerbaiti ilea kentzen diote) gorilekin bizi naizela esan dezaket. Leihoari dagokionez, egunen batean kristala apurtuko du hainbeste ukabilkada emanda.

Eta gogoratu sartzen den guztia nolabait atera behar dela. Garagardoaz ari naiz. Kakalekua goiko solairuan dago, eta moketaz estalita egon arren, egurrezko eskailerek ezin dituzte jasan primate hauen salto baldarrak. Ezin lezakete zarata handiagorik sortu. Eta komunera hainbat bidaia egiten dituzte gauean zehar, hainbeste garagardo edanda.

Kontua da bart, etxeko fiestukia nahikoa ez omen zenez, ordubiak aldean alde egin zutela. Batek daki nora. Lo egiteko aprobetxatu nuen. Eta hor non entzuten ditudan bostetan, kalean, Hugori kanpaia jotzeari uzteko [masturbatu; guztia egon behar da sexuari, alkoholari edo bestelako drogei lotuta] eta atea irekitzeko eskatuz beraiek sar zitezen. Oihuka. Kalean. Ingeles makarroniko horrekin. Ea laster alde egiten dudan, litekeena delako egunen batean auzokideek etxeari su ematea.

Ez dakit zergatik baina Hugok atea ireki die. Azkenengo joint [porru] bat eskaini diote eta ez dakit zer egin duen:

Hey, men, the last joint? It’s fucking good! [Gaztelaniaz jodidamente hitz bakoitzaren aurrean erabiliko balute bezala!]

Baina «azkenengo» hori hamaika aldiz errepikatzen dute egunean zehar eta, hau ustekabea! ez da inoiz azkenengoa.

Zazpietan entzun ditut berriz, batek daki zertan. Kontua da gauza bat dela bestea dela, hemen ez dagoela lo egiterik!

,
logela, London 2014
Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Sarean

Lege-oharra

Webgune honek bisitariei jarraipena egiteko sistema propioa darabil webgunearen erabilera estatistikoki neurtu ahal izateko. Ez dauka helburu komertzialik eta jasotako datuak ez dira hirugarren enpresen eskuetara igarotzen. Azalpen gehiago hemen.